Kamera reflexa eskuetan hartuta bidaiatzen du Oscar Bagliettok, joan-etorri horiek aprobetxatzen baititu argazkiak ateratzeko. Diapositiben eta karreteen garaian bihurtu zen argazkilari, beraz, badu eskarmentua eta jakintza zeregin horretan. Horren erakusle, sariak ere baditu bildumatuta, nahiz eta lehiaketetan parte hartzearren ibili den, “argazkilaritzan sartuta gaudenok ez badugu parte hartzen…” dio berak.
Iaz, Eibarko Argazkilaritza Maiatzean erakutsi zuen orain Soraluzen dagoen argazki sorta, Paisaiari nire begiradak izeneko erakusketa. Zapatura arte, ekainaren 22, izango da ikusgai, beraz, azkeneko egunak dira argazkion paisaietan murgiltzeko.
Milaka argazki eta ordu asko
Lan handiarekin aukeratutakoak dira guztiak ere, milaka argazkiren artean aukeratu behar izan baititu eibartarrak. Kantabria, Bretaña, Xoxote, Patagonia, Dolomitak, Austria, Zumaia… Gertuko eta urrunagoko lekuak erakusten dituzte, negua, udazkena, mendia, itsasoa… tartekatuz.
Bagliettok berak esplikatu duen moduan, zenbait argazki buruhauste nahikoren ondoren daude aterata: “Leku batzuetara behin baino gehiagotan joan naiz nahi nuen argazkia ateratzeko. Adibidez, Bretañako itsasargiarena ateratzeko. Joan nintzen lehen aldian, sartzea debekatuta zegoen. Ez nintzen sartu. Gero, irakurri nuen arrantzaleei eta argazkilariei lagatzen zietela hesia pasatzen. Hurrengo urtean saltatu nuen, baina eremu militarrak dira itsasargiak eta ez nengoen lasai, denbora gutxian izan nintzen eta ez nuen argazki onik atera. Hirugarren urtez bueltatu nintzen eta ya dena berdin zitzaidan. Ordurako, baina, itsasargia denendako zegoen zabalik eta argazki hori atera nuen (…) Ordu asko egon behar izaten da askotan, afaldu gabe… Suitzakoa ateratzeko, adibidez, 14 orduko bidea zegoen. Beraz, egiten duzu ahal duzuna”.
Ahal duena eginda, emaitza ikusgarria ondu du Bagliettok bere paisaiekin. Dena den, denetariko argazkiak egitea du gustuko, arkitekturakoak, street photo… Hain justu azken horri eutsiko dio orain, urte luzez paisaiak egiten ibili ondoren, “konfort gunetik irtenda” . “Hori da irten eta momentuan erabaki zer atera argazkian. Iaz, adibidez, halako asko egin nituen Istanbulen. Hara bueltatuko nintzateke”, esplikatu du.
Iturria: plaentxia.eus