Ortzadarraren bandera igo dute Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Ortzadarraren bandera igo dute Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean
2023/06/28 15:25
eta kitto!
Ortzadarraren koloreak dituen bandera igo dute gaur eguerdian Untzagan, LGTBIAQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginda. Aurretik, Berdindu Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren sexu eta genero-aniztasunarekin lotutako gaietarako informazio eta arreta zerbitzuak igorritako komunikatua irakurri dute. Eibarko Udalak bat egin duen komunikatu horretan salatzen denez, “zoritxarrez, eraso homofoboak izaten jarraitzen dute gaur egun”. Hala ere, ospatzeko moduko albisteak ere badirela ekarri nahi dute gogora: “Aurten, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko legea onartu dela ospatzen dugu. Lege horrek eskubide gehiago bermatzen dizkie LGTBIQ+ pertsonei, batez ere trans kolektiboari, eta erregistro-aldaketak egitea ahalbidetzen du, kolektibo horren indarkeria instituzionala sustatzen duten txostenen beharrik gabe. Gainera, administrazio-zehapenak ezartzen dizkie bihurketa-terapiak sustatzen dituzten erakundeei eta intersexei mutilazio genitalak egiten dizkieten profesionalei. Testuinguru horretan ekainaren 28ak garrantzi handiagoa dauka eta Berdindutik gizartea animatu nahi dugu, gorroto-diskurtsoetan eta giza eskubideen urraketa egoera horien aurrean, esku hartu eta ozen sala ditzaten”. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiete “sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona guztiei, baita gaur egun gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei ere”.