Oskar Astarloa izango da Eibar Rugby Taldearen entrenatzaile berria
Elgoibarren jaio eta Elorrion hazi den Oskar Astarloa izango da emakumezkoen Ohorezko B Mailan jokatuko duen Eibar Rugby Taldearen entrenatzaile berria. Astarloak oso ibilbide arrakastatsua izan du jokalari bezala, Frantziako Top 16 ligan jokatuz (Aviron Bayonnais taldean) eta baita Getxo, Ordizia, Bera Bera eta Hernani moduko talde indartsuetan ere, eta 18 urtez azpiko Espainiako eta Euskadiko selekzioetan entrenatzailea izan da.
Eibar Rugby Taldeak bere sare sozialetan zabaldutako bideoan aipatzen duenez, “indar eta gogo handiz ekingo diogu denboraldi berri honi”. Lan horretarako, Elorrioko errugbi taldetik datorren Gorka Igartibururen laguntza jasoko du, bera arituko baita bigarren entrenatzaile bezala.
Ingalaterran taldekide ohiak animatzen
Egunotan emakumezkoen Errugbi 15eko Munduko Txapelketa lehiatzen ari da Ingalaterran eta Espainiako selekzioan bi aurpegi ezagun ditugu: Eibar Rugby Taldean aritutako Nerea eta Eider Garcia.
Euren parte-hartzea aprobetxatuta, Eibar Rugby Taldeko hainbat jokalari Ingalaterran daude taldekide ohiak animatzen. Momentuz, multzoko lehen bi partiduak galduta dago Espainiako selekzioa (Zeelanda Berriaren aurka 54-8 eta Irlandarekin 43-27), eta Japoniaren aurka jokatuko du domekan, 13:00etan.