Ospitalerako lurraren deskontaminazioarekin rifi-rafea
Otaola Hiribidean eraikiko den ospitalaren lurraren deskontaminazioa nork ordainduko duen berriz ere aurrez aurre ipini ditu Udaleko gobernu taldea eta oposizioko ordezkariak. Atzo arratsaldean Bilduko zinegotziek, Udalean ordezkaritzarik ez duen Aralar taldearekin batera sinatutako idatzian, lurra deskontaminatzeko lanak Osakidetzak pagatu beharrean "eibartarrok" ordaindu beharko genituela adierazi zuten eta horrekin batera "alkatea gezurretan dabilela" salatu zuten. Adierazpenen berri jaso eta berehala, gaur eguerdian Miguel de los Toyos-ek prentsaurrekoa eskaini du atzoko idatziaren harira, gauzak argitze aldera. Alkatearen berbetan, "idatzian esaten dutenaren jatorria otsailean Osasun Sailburuak eta Arreta Sanitariorako zuzendariak Legebiltzarrean esandakoetan dago eta, Bilduk eta Aralarrek diotena ikusita, Bengoa eta Garate jaunek esan zituztenak modu okerrean interpretatu dituztela edo, bestela, udal gobernuaren beharra ahultzeko ahaleginetan dabiltzala uste dut. Gai honen gainean onartutako hitzarmenak 6. puntuan jasotakoari jarraituta, lehenik eta behin lur motaren kalifikazioan aldaketa egin beharko dugu, industrialetik osasun arlokoa izatera pasatzeko eta horretan dihardute beharrean. Udaleko barne-lana izanda, horrek ez du inolako gasturik eragingo. Eta hurrengo pauso batean, lurraren kalitatearen inguruko azterketa egin beharko du enpresaren batek eta hortik eragingo diren kostuak dira Udalak bere gain hartuko dituena, beti ere hitzartuta dagoena beteta. Egia da Garate jaunak Legebiltzarreko agerraldian Udalak deskontaminaziorako beharren ordainketan laguntzea gustatuko litzaiokela esan zuela, baina ez dago besterik".