Ostegunean emango zaio hasiera Jokin Aranbarri entrenatzailearen aroari SD Eibar taldean
Egun gutxi falta da dira Hypermotion Ligan lehiatu den SD Eibar lanera itzultzeko (bihar hasiko dira proba medikuekin), baina Jokin Aranbarri Arrizabalaga entrenatzaile berriak gaur goizean eskaini du denboraldi aurreko lehen prentsaurrekoa, Ipuruan. Azkoitiko entrenatzailea hunkituta agertu da hedabideen aurrean eta ilusioa, sakrifizioa eta lana eskainiko duela adierazi du Eibarrek beragan jarritako konfiantza itzultzeko.
Eibarren harrobian zortzi urte egin ondoren, azken bi denboraldietan Lezaman aritu da Aranbarri Athletic Club-en eta orain iritsi zaio aukera handia, etxean, talde nagusi bat entrenatzeko. Gainera, Eibarrekin duen lotura ez da futbolera mugatzen, hainbat urtez Gorputz Hezkuntzako irakaslea izan delako herriko ikastetxe batean.
Aranberrirekin batera Mikel Balenziaga futbolari ohia egongo da eibartarren aulkian, berarekin Eibar B-n aritu zen Carlos de Blasis izango da prestatzaile fisikoa, Mikel Calvo izango da berregokitzapen-fisikoaren arduraduna, Jon Zabalak jarraituko du atezainen entrenatzaile izaten eta Andoni Azkargorta joko-analisiaz arduratuko da.
Entrenamenduak eta aurredenboraldia
Esan bezala, bihar proba medikuekin hasiko dira eta ostegunean ekingo diote entrenatzeari Areitioko kirol-hirian, ateak irekita. Aste honetan hiru lan-saio egingo dituzte eta igandean hartuko dute lehen atsedena.
Aurredenboraldiko partidei dagokienez, klubak lau lagunarteko programatu ditu momentuz: uztailaren 18an Alavesekin Guardian, uztailaren 25ean Athleticekin Zamudion, uztailaren 29an Sanserekin Zubietan eta abuztuaren 8an Real Unionekin Irunen. Stadium Galeko partida jokatu eta astebetera, armaginek Ligari ekingo diote, Tenerife Ipuruan hartuz.
Taldea osatzen
Cesar Palacios kirol-zuzendariak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, “gai batzuk Beñat San Joserekin planifikatuta zeuden eta ezin duzu atzera egin”. Dena dela, zabalik laga du mugimendu gehiago egoteko aukera.
Izan ere, taldea ia eginda dagoela esan daitekeen arren, orain artean bajak gehiago izan dira altak baino: Jose Corpasek, Toni Villak eta Marco Morenok taldea laga dute, eta Pejiño izan da orain arteko fitxaketa bakarra. Eta hau berez ez da fitxaketa bat, baina azken denboraldian Barakaldo CF-n lagata ibili zen Markel Arana atzelariak lehen taldeko fitxa izango duela iragarri dute.