Ostiral honetan ez da pilota partidarik izango Astelena frontoian
Aste honetan aldaketa izango da pilotaren ohiko egutegian. Ostiraleko jaialdia alde batera utzita, pilota guztia igande arratsaldean bilduko da Astelena frontoian, 17:30etik aurrera jokatuko diren lau partidarekin.
Lehen hiru neurketak errendimendu mailako alebin eta haur kategorietakoak izango dira. Jaialdiari hasiera emango diote Arriola eta Segurola alebinek, Amezketako Zazpi Itturri klubeko bikotearen aurka, Udaberriko binakako txapelketako azken jardunaldian.
Ondoren, infantil mailako beste norgehiagoka bat izango da ikusgai: Lizarraldek eta Saezek Tolosa 3 taldeko Etxarri eta Ezeizaren aurka jokatuko dute. Hirugarren partidan, Arrieta eta Agote armaginek Alegiako Intxurre klubeko Lertxundi-Luluaga bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Jaialdiari amaiera emango dion neurketak tentsio berezia izango du. Ibarra seniorrak Lazkaoko Lapke klubeko Uria izango du aurkari 4 t’erdiko txapelketan. Eibartarra bere multzoko bigarren postuan dago gaur egun, eta jokoan dauden bi puntuak ezinbestekoak izango dira sailkapen horri eusteko eta bigarren fasera pasatzeko aukerei bizirik eusteko.
Etxetik kanpo ere hainbat hitzordu izango dituzte Deporreko pilotariek. Atxa eta Uriarte alebinek Zaldibiako Resti pilotalekuan jokatuko dute igande arratsaldean. Senior mailan, Narvaiza Tolosako Beotibarren ariko da Karreraren aurka igande goizean, eta Amuategik larunbatean jokatuko du Lasarte-Orian Diaz de Guereñuren aurka.
Bestalde, Herriarteko Txapelketak ere asteburu erabakigarria izango du. Eibarrek Usurbilen jokatuko du itzuliko kanporaketa ostiral honetan, 19:00etatik aurrera. Joanekoan, Astelenan, armaginek bi partida irabazi zituzten hirutik: kadeteek 22-7 nagusitu ziren eta seniorrek 22-12ko garaipena eskuratu zuten. Jubeniletan, ordea, Usurbil izan zen nagusi, 7 tanto baino ez baitzituzten egin eibartarrek.