'Oteiza: Apostoluak dantzan', zinema eta dantza uztartzen dituen saioa Portalean
Zinema eta dantza uztartuko ditu “Oteiza: Apostoluak dantzan” saioak maiatzaren 24an, domekan, Portalea Kultur Etxean. Jorge Oteizaren unibertso artistikoa ardatz duen ekimenak Oskar Alegriaren film baten proiekzioa eta Argia euskal dantzari taldearen emanaldia batuko ditu. Ekitaldia Dantzan elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Dantzagunearen Dantzan Ikasi programaren barruan, eta Eibarko Klub Deportiboak antolatutako 61. Euskal Jaiaren egitarauan kokatzen da.
Zinema eta dantza, Oteizaren unibertsoan
18:00etan hasiko da saioa, “Oteiza 14 apostolu” (2025, 45’) filmaren proiekzioarekin, Oskar Alegriaren zuzendaritzapean. Lanak Oteizaren ideiak abiapuntu hartuta, askotariko jatorriko hamalau figura kulturalen ekarpenak biltzen ditu, sortzailearen obra eta pentsamendu estetikoa interpretatzeko.
Proiekzioaren ostean, zuzendaria bera eta Danok Oteiza egitasmoko Jaione Apalategi arituko dira solasean ikus-entzuleekin.
Dantzaren bidezko interpretazioa
19:30ean, Argia euskal dantzari taldeak “Apostoluen soka-dantza” eskainiko du. Juan Antonio Urbeltzen eta Marian Arregiren sorkuntzan oinarritutako pieza honek azken afariaren inguruko iruditeria dantzara ekartzen du, euskal tradizioaren eta errituaren ikuspegitik.
Emanaldiaren ondoren, Juan Antonio Urbeltzek berak parte hartuko du solasaldi batean.
Euskal kulturaren loturak
Ekimena Oteiza eta Urbeltzen arteko lotura artistiko eta sinbolikoan oinarritzen da, euskal kultura dantzaren eta gorputzaren bidez ulertzeko proposamen gisa.
Antolatzaileen arabera, euskal kulturaren “apostoluak” plazara ekartzea da helburua, eta gorputza dantzaren bidez kultura bizitzeko bide gisa aldarrikatzea.