Otsailaren 1ean Coliseo antzokiko ateak parez pare zabalduko dira autismoari buruz berba egiteko

Otsailaren 1ean Coliseo antzokiko ateak parez pare zabalduko dira autismoari buruz berba egiteko
2024/01/25 12:11
eta kitto!
Autismoaren Espektroaren Nahasmenduaren gaineko argibideak emango dituzte datorren asteko eguenean, otsailak 1, Coliseo antzokiko areto nagusian, 18:00etan hasiko den ekitaldian. “AUTISMOAZ HITZEGIN DEZAGUN”  izenburupean, ekitaldiko protagonista nagusiak autismoa gertutik bizi dutenen ahots autentikoak eta hunkigarriak izango dira. Topaketa horrek plataforma bat eskainiko die autisten senideei eta autismoa dutenei euren esperientziak, erronkak eta arrakastak partekatzeko eta gure gizartean ulermena eta onarpena sustatzeko.

Debabarrena  eskualdeko GAUTENAko familien artean antolatu dute ekitaldia, Eibarko Udalaren laguntzarekin. "Autismoa zer den helaraztea nahiko genuke. Hain zuzen ere, gure bizipenak, esperientziak eta beharrak azaltzea gustatuko litzaiguke. Ekitaldia dohainik izango da eta herritar guztiak gonbidatuta zaudete. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Beraz, etorri eta kitto", diote.

Ikuspegi edo alor desberdinetatik landuko da autismoa. Besteak beste, ume oso txikiak dituzten familiak egongo dira, familiaren ikuspegia landuko du bikote batek, 24 urteko semea duen ama batek bere esperientziak azalduko ditu, ahozko hizkuntzarik gabeko haur autistei eta haien errealitateari buruz arituko da ama bat, anaia baten testigantza egongo da eta, hori guztiaz gain, emakume autista batek bere bizipenak azalduko ditu.

autismoa kartela