Otsailaren 20rako pentsioen igoera bermatu ezean, otsailaren 22an kalera irtengo direla adierazi dute pentsiodunek
Eibarko Pentsiodunen Taldeak gaur egin duen kontzentrazioan 137 lagun elkartu dira, eta bertan aritu dira HEL Herri Ekimen Legegilea babesteko sinadurak jasotzen, Untzagan ipini duten mahaian. Datorren astean ere hala egingo dute, eta herritarrak deitu dituzte, HEL delakoa babesteko sinatzera joan daitezen. Hala ere, gaurko ardura nagusia, pentsioen igoera indargabetzea dakarren erabakiaren ingurukoa izan da.
Espainiako Kongresuak barixakuan hartutako erabakiak 21/2021 Legean otsailetik aurrera ezarritako pentsioen igoera bertan behera laga du, eta pentsiodunen kolektibotik salatu dutenez, “2018ra itzultzea dakar, pentsioen izoztera”. Pentsioen igoera eragotzi duten alderdien jokaera ere gogor gaitzetsi dute pentsiodunek: “PP, VOX eta Juntsen jarrera arbuiatzen dugu, euren botoarekin gure pentsioen igoera eragotzi dutelako. Baita Espainiako Gobernuaren jarrera ere, aldez aurretik ez dituelako bermatu horretarako beharrezkoak diren botoak eta prozedura”. Azpimarratu dutenez, “pentsioen igoera bermatu behar zuten, bai ala bai”. Duintasuna elkartetik adierazi dutenez, “arrazoi alderdikoiak medio, adarra jotzen” ari zaizkie. Gauzak horrela, pentsiodunek argi laga nahi dute ez daudela atzera egiteko prest: “Gure erreakzioa sumindura besterik ezin da izan. Asko kostatu zaigu lortutakoa, eta ez dugu atzera pausu bakar bat ere onartuko”. Otsailaren 20rako pentsioen igoera bermatu ezean, otsailaren 22an kalera irtengo direla adierazi dute, “2018an egin genuen bezala”.
Omnibus Lege-Dekretuan jasotako pentsioen igoera indargabetzearen aurrean, Estatuko Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen Plataforma eta Mugimenduak jarraian daukazuen adierazpen bateratua egin du.