Otsailaren 4rako ekitaldia antolatu du Zaldibar Argituk Eitzagan, hondamendiaren laugarren urteurrenean
Gogorarazi dutenez, “Zaldibar Argituk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin eta Ekologistak Martxanekin batera, herri akusazio moduan dihardu ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auzian. Zerbait argitzen lagunduko zuelakoan abiatu genuen epaitegietako bidea. Langileen osasunaren aurkako delituak aztertu zituen auzibidetik kanpo utzi gintuzten, gerora ikusi zen moduan akusatuekin negoziazioa errazteko. Verter Recyclingeko arduradunek zuhurtziagabekeriazko bina hilketa onartu, eta espetxea saihestea lortu zuten”.
Bestalde, irekita dagoen auziak, ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituena, lau urte bete ditu instrukzio fasean. Salatu dutenez, “horrekin ia dena dago esanda. Iragan azaroan deklaratu zuen lehenengoz Eusko Jaurlaritzako norbaitek. Hiru teknikari izan ziren, eta Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuten. Ezinbestekoa da lehenbailehen instrukzioa amaitzea eta epailearen ondorioak ezagutzea. Ikusiko dugu zer dioen. Erantzukizun politikoei dagokienez, hau da, arduradun politikoen erantzukizunez, berririk ez euskal oasian. Urkulluk eta Arriolak, bi baino ez aipatzeagatik, beraien ardura aitortu gabe utziko dute jardun politikoa. Ikusteko nora daramatzaten ate birakariek”.