Otzaurtetik Araiara egingo dute Deporreko mendizaleek urteko lehen irteera
Guztira 15,7 kilometroko ibilbidea osatuko dute, gorako 1.045 metroko eta beherako 1.105 metroko desnibelarekin
2025/01/09
11:53
eta kitto!
15,7 kilometroko ibilbidea osatuko dute zapatuan, goizeko 08:00etan Ego Gainen autobusa hartuta, irteera hori egitera animatzen direnek. Goraka metatutako desnibela 1.045 metrokoa izango da, eta beherakoa 1.105ekoa.
Ibilbidea
- Otzaurteko benta ondoan hasiko duten ibilaldian, Aratz puntaraino Zegama Aizkorri mendi-maratoiaren puntu horiak jarraituko dituzte.
- Ultzaman 180ºko itzulia egingo dute Unamuño gainera igotzeko.
- Beundara iritsi baino lehenago 90º biratuko dute ezkerrera, aldapa pikoan zehar errekaraino jaisteko.
- Bidea jarraituz, Atabarretako lepora iritsi baino lehenago 90ºko bira egingo dute eskumara eta baso zoragarrian zehar jarraituko: ibilbidea zerbait luzatu nahi duenak 300 metro aurrera jarraitu dezake eta Allaitz txiki eta Allaitz gailurrak igo.
- Azkenik, basotik irten eta Aratzerako (1.445 metro) azken maldetan gora egingo dute iparralderantz.