Palestina askatu dezatela eskatzeko manifestazioa egingo da zapatuan, 18:30ean Untzagan

Palestina askatu dezatela eskatzeko manifestazioa egingo da zapatuan, 18:30ean Untzagan
2024/01/18 16:18
eta kitto!
Eibar Palestinarekin eta Eibarko Gerrarik Ez taldeek manifestazioa antolatu dute zapaturako, 18:30ean Untzagan. Aurretik deitu dituzten mobilizazioen bidetik, “Palestina aske” izango da goiburua. Antolatzaileen berbetan, “hiru hilabete daramatzagu bonbardaketa, familien hilketa selektiboak, auzo osoen suntsipena, umeen hilketak… Gazan eta Zisjordanian ikusten. Eibarren ez dugu nahi beste alde batera begiratu,badakigu zer ari den gertatzen, hurbiletik jarraitzen ditugu hango gertaerak, eta ez dugu nahi genozidio horren konplize izan. Gure ustez garai erabakigarriak bizi ditugu berriro kalera irtetzeko, gure elkartasuna erakusteko palestinar herriari. Gure gaitzespena erakutsi eta Israelgo estatuak kolonizazioaren bitartez egiten ari den garbiketa etnikoaren kontra gaudela adierazteko. Genozidio hori arbuiatuta, irmoki erakusten dugu kausa palestinarra gizateria osoaren kausa dela. Giza historian inoiz ez dira hainbeste zibil, kazetari eta osasun langile erail horren denbora-tarte laburrean. Minaren irudiak, umilizazioak eta oinarrizko giza eskubideen bortxaketa agerian daude. Ez dugu nahi jarraitu suminduta eta etsipenean, hori dela eta, har ditzagun kaleak justizia eskatzeko, eta arduradunak gerra kriminal gisa epaituak izateko, nazioarteko zigor auzitegian”.