Palestinako herriarekin bat egin nahi izan dute herritar askok Eibarren ere

Eguerdian jendetza elkartu da Untzaga plazan, “Israeli boikota” goiburuko pankartaren atzean.
2025/10/15 15:42
eta kitto!

Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eguna izaten ari da gaurkoa Euskal Herri osoan, baita Eibarren ere. Palestinaren alde sindikatuek deitu dituzten lanuzteei lotutako mobilizazio nagusiak hiriburuetan izan diren arren, Eibarren elkarretaratze jendetsua egin da eguerdian, ELA sindikatuak antolatuta, eta herritar asko batu dira Untzagan, Israeli boikota zioen pankartaren inguruan.
Horrekin batera, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek “Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin!” goiburupean deitutako lanuzteei erantzuten hasi dira lantegi ezberdinetan, eta horietako askok talde argazkia ere egin dute.
Bestetik, gogoratu Gernika Palestina herri ekimenak antolatuta, arratsaldeko 19:30ean burrunbak egingo direla Euskal Herriko herri guztietatako plazetan, baita Eibarren ere, Palestinarekin Konpromisoa. Genozidioa STOP! lelopean.