Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioek parte-hartze zabala izan zuten Eibarren ere

Atzokoa Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eguna izan zen Euskal Herri osoan, eta hiriburuetan egin ziren mobilizazio jendetsuek agerian laga zuten palestinarrek euskal herritarron babes osoa daukatela.
2025/10/16 22:22
eta kitto!

LABen arabera, 110.000 pertsona bildu ziren Hego Euskal Herrian goizez egindako manifestazioetan. Atzo kaleak hartu zituzten milaka langileek, Israelekin harreman guztiak hausteko eskatu zuten.
Mobilizazio nagusiak hiriburuetan izan arren, ELA sindikatuak antolatuta, Eibarren elkarretaratze jendetsua egin zen eguerdian, eta eibartar asko batu ziren Untzaga plazan, Israeli boikota zioen pankartaren atzean.
Sindikatuetatik deitutako lanuzteek jarraipen ezberdina izan dute lurraldearen eta sektorearen arabera. Sindikatuek ez dute tokian tokiko lanuzteei buruzko daturik eman, baina Eibarko lantoki batzuetan “Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin!” goiburupean LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek deitutako lanuzteekin bat eginez, talde argazkia atera zuten beharginek.
Bestetik, Gernika Palestina herri ekimenak antolatuta, arratsaldean burrunbak egin ziren Euskal Herriko plaza guztietan, baita Eibarren ere, “Palestinarekin Konpromisoa. Genozidioa STOP!” lelopean. Eguerdiko elkarretaratzean bezala, arratsaldeko ekitaldian ere eibartar mordoak hartu zuen parte, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.