Palestinako herritarren aurkako erasoak behingoz geratzeko eskatu dute Eibarren ere
[video width="848" height="480" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2024/01/VID-20240121-WA0056.mp4"][/video]
Horren harira, jarraian irakurri dezakezuen idatzia egin dute:
Sarraskiaren azken 100 egunetan 25.000 pertsona hil dituzte, Eibarko herriak dituen biztanle kopurua beste. Horrez gain, 70.000 pertsona daude desagertuta, torturatu eta bahituen artean. Azken 3 hilabeteetan egunero aurkitu gara hunkitu gaituen esaldi, irudi edota bideoren batekin. Aitona bat bere iloba lurperatzen, “nire arimaren arima zara” esanez. 23 urte dituen Motaz (kazetaria) 3 hilabeteetan ilea zuri jartzen. 10 urteko umeak bakea eskatzen. Aita bat bonbardaketa indiskriminatu batean alabaren hilketa ikusten, gailetak erosten zituen bitartean. Ama bat bere seme kutuna besarkatzen, bonbetatik ihes egin duelako. Gurasoen negarrak bere semeak hil dituztelako. Umezurtzak, elbarrituak… nonahi. Auzoak, etxeak… erabat deuseztuta. Wael kazetaria, bere familia osoa galdu eta banan-banan lurperatu ondoren, sarraskiaren inguruan informazioa ematen lanean. Neskatoak, beraien guraso edo lagunen heriotzari buruz informazioa ematen. Umeak hondakinen artean beraien familiaren bila. Emakumeak anestesia gabe erditzen. Anestesiarik gabeko ebakuntzak. Medikuak, erizainak eta babes zibileko langileak, lanean zeuden bitartean, beraien senideen gorpuzki zatituak jasotzen.
Azken egunotan ikara, miña eta zinismo gehiegi pairatu ditugu, triskantzaren aurrean gizateriaren gainbehera erakusten duen isiltasun konplize bat. Baina suntsidura horren erdian edertasuna ere ikusi dugu, Hegoafrikak Hagako auzitegira eraman du Israelgo estatua, gerra hilketa eta genozidioagaitik. Apartheida sufritu zuen herria izan da israeldarrei aurre egiten ausartu den bakarra. Nelson Mandelaren izena herri zapaldu guztietan entzuten da. Ikusi dugu, baita ere, bihotz handiko herri bat, duintasunez betea, ausarta, urteetako zapalkuntzari elkartasunez erantzun diena.
Eskerrak eman, asko baitira Palestinako herriari lagundu eta laguntzen diotenak, mundu osoan zehar... ez dezagun ahaztu Palestinako herriaren auzia gizateria osoarena dela. Guretzat konponbidea nazioarteko herri-presioan dago, ez dugu nahi gerra gehiago gure diruarekin ordaintzea, eta gure agintariei Israelgo estatu genozidarekin harremanak apurtzeko eskatzen diegu gure agintariei. Zergatik Eibarko Udalak ez du oraindik Palestinako bandera jarri udaletxean, Ukrainiako banderarekin egin zuen bezala? Ez al dute garbi ikusten gure begien aurrean Israelgo estatua egiten ari den sarraskia?
Bukatzeko, gure gobernuei eskatzen diegu:
- Eskatu diezaiotela Israelgo estatuari Gazan, Zisjordanian eta ekialdeko Jerusalenen Palestinako herritarren aurka egiten ari den erasoak gelditzeko.
- Beharrezkoak diren neurriak hartzea konponketa eta erreparaziorako. Errudunak gerrako kriminal bezala auziperatuak izatea.
- Israelgo estatuarekin harremanak behingoz apurtzea. Gure partetik, Israelgo enpresei boikota egiten, odolik gabeko kontsumo zentzuzkoa egiten eta mobilizazioak egiten jarraituko dugu.
“Dena eman behar jako maite dan Askatasunari”