Palestinaren aldeko martxa egingo dute Ermuko eta Eibarko taldeek
Eibar Palestinaren taldeak eta Ermua Palestinarekin Ekimenak Palestinaren aldeko martxa bateratua antolatu dute ekainaren 2rako, domekarako. Herri bietan hainbat mobilizazio egin dituzte azken zazpi hilabeteetan eta, orain, “gure helburua indarrak batzea eta pertsona gehiagoren parte-hartzea bultzatzea izan da”, talde bien berbetan.
Manifestazioaren zutabe bat Ermuko Plazatik irtengo da 12:30ean eta beste zutabea Untzagatik 12:00etan. Martxa biak Sallabentekp baseliza ondoko frontoian elkartuko dira 13:00ak inguruan (ibili nahi edo ezin dutenek trena erabili ahal izango dute, San Lorentzo geltokian jaitsiz). Bertan, gehienez ordu erdiko iraupena izango duen ekitaldia egitea aurreikusten dute antolatzaileek.
Talde eragileek adierazi dutenez, “gure salaketa eta oihuak indar handiagoz entzun ditzatela gure gobernuek, Israelekin harreman diplomatikoak eta komertzialak eten ditzaten eta Hegoafrikari laguntza eman diezaioten estatu sionistaren aurkako salaketan, herri palestinarraren zapalkuntza egoera iraultzeko”.