Pariseko Joko Olinpikoetan ez da orain arteko Eibarko seikotea handituko

Ciriaco Errasti, Maite Zuñiga, Aitor Etxaburu, Markel Alberdi, Mikel Oyarzabal eta Odei Jainaga aritu dira Joko Olinpikoetan
Pariseko Joko Olinpikoetan ez da orain arteko Eibarko seikotea handituko
2024/07/25 10:00
eta kitto!

Momentuz sei dira orain arte jokatutako Joko Olinpikoetan parte hartu duten eibartarrak, eta badirudi kopuru horrekin jarraituko dugula Pariseko Jokoak lehiatu ondoren ere, orain arte bertan izateko kirol-modalitateetako zerrendetan ez delako eibartarrik ikusten. Uztailaren 26an hasi eta abuztuaren 11n amaituko dira aurten gertu izango ditugun kirol lehiaketa horiek.

Aipatutako seikoteari Ciriaco Errasti futbolariak eman zion hasiera, Amsterdamen 1928an jokatutako edizioan. Ondoren, 60 urtez ez zen eibartarrik egon tarte horretan jokatutako Jokoetan. Harik eta 1988an Seulgo Jokoak iritsi arte, hor hartu baitzuen parte gure herrian jaio eta Gasteizen bizi den Maite Zuñiga atletak. Bera, gainera, hurrengo bi edizioetan ere izan zen: 1992ko Bartzelonakoan eta 1996ko Atlantakoan. Esandako bi horietan beste eibartar bat izan zuen lagun, Aitor Etxaburu eskubaloilaria. Euren ondoren, beste 20 urte itxaron behar izan genion hurrengo eibartarrari, 2016an Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen Markel Alberdi igerilariari. Eta, azkenik, Parisko honen aurrekoan beste bi ordezkari izan genituen: Mikel Oyarzabal futbolaria eta Odei Jainaga atleta. Pandemia tartean zela, 2020ko Tokioko Joko horiek urtebete geroago egin ziren, 2021ean, eta hara min hartuta joan zen Jainaga ez da guztiz osatu orduan izan zuen lesiotik.

Beraz, orain arte sei kirolarik ordezkatu dute Eibar Joko Olinpikoetan: bi futbolari, beste bi atleta, eta eskubaloilari eta igerilari bana izan dira bertan. Emakumezkoa, gainera, bakarra izanda ere, Zuñiga hiru ediziotan izan dugu parte hartzen; eta Etxaburu eskubaloilariak ere errepikatu izan du, bitan parte hartuz.