Patinete elektrikoen araudi berria indarrean da Eibarren

Patinete elektrikoen araudi berria indarrean da Eibarren
2026/01/28 15:54
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailu Elektrikoen (patinete elektrikoen) erabileran izango diren araudi-aldaketen berri eman du. Aldaketa horiek 5/2025 Legean jasota daude, eta aste honetatik aurrera jarriko dira indarrean.

Aldaketa nagusietako bat da patinete elektriko jakin batzuek erantzukizun zibileko asegurua eduki beharko dutela derrigorrez. Zehazki, urtarrilaren 26tik aurrera, ezarritako mugak gainditzen dituzten eta orain arte ibilgailu motorduntzat hartzen ez ziren patineteek asegurua izan beharko dute zirkulatu ahal izateko; bestela, ibilgailua ibilgetu ahal izango da.

Lege berriarekin, gainera, Ibilgailu Pertsonal Arina izeneko kategoria sortu da. Bertan sartzen dira plaza bakarreko ibilgailu elektrikoak, gehienez 25 km/h-ko abiadura hartzen dutenak eta 25 kilo baino gutxiago pisatzen dutenak, edo abiadura txikiagoa izan arren pisu handiagoa dutenak. Kategoria horretarako aseguruen araudi espezifikoa ezarri da.

Bestalde, patinete elektrikoek baldintza berriak bete beharko dituzte: Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren erregistro publikoan izena ematea, zirkulazio-ziurtagiria edukitzea eta identifikazio-plaka edo etiketa ikusgarria eramatea. Ziurtagiririk eta etiketarik ez duten patineteek 2027ko urtarrilaren 22ra arte soilik zirkulatu ahal izango dute.

Udalak gogorarazi du indarrean jarraitzen dutela orain arteko debekuek ere: espaloietan, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan zirkulatzea debekatuta dago; ezin da bidaiaririk eraman; gauez argiak, balazta-argiak, tinbrea eta elementu islatzaileak derrigorrezkoak dira; eta gidatzean ezin da telefono mugikorra edo entzungailurik erabili. Kaskoa erabiltzea, berriz, gomendatzen da.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasuneko zinegotziak adierazi du Udalak zorrotz betearaziko dituela arauak, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Gainera, etorkizunean trafiko-kamerak jartzea aurreikusten dutela aurreratu du, patineteen erabilera desegokia kontrolatzeko.

Udalak azaldu du Udaltzaingoaren agente laguntzaileek informazioa emango dietela patinete elektrikoen erabiltzaileei, lege-aldaketa berrien berri izan dezaten.