Patricia Arrizabalaga Berdintasun saileko buruak udaleko lana lagatzea erabaki du
Patricia Arrizabalaga Larrañagak Eibarko Udalean zinegotzi izateari lagako diola jakinarazi du, eta astelehenean (apirilak 29) egingo den Udal Osoko Bilkuran gauzatuko du bere dimisioa. 2015eko udal-hauteskundeetan zinegotzi hautatua izan zenetik, bederatzi urte hauetan, bateratu egin ditu bere estetika-zentroko lana Udal Gobernu Taldeetan izan dituen hainbat ardurarekin, lehenik Miguel de los Toyosekin, eta azken hiru urteetan Jon Iraola alkatearekin. Gazteria Sailaren buru izan da eta baita bokal ere Kultura, Euskara eta Ingurumen batzordeetan; horrez gain, Kirol Patronatuko eta Musika Eskolako Patronatuko kide izan da, baina Berdintasun Sailean utzi du arrastorik handiena feminista konbentzitu honek. Dimisioaren berri ematearekin batera esan duenez, “onartu egin nuen zerrenda sozialistan eta politikan sartzea, erronka berri bati aurre egiteak dakarren bertigoarekin, baina baita ilusioz eta gogoz ere, Eibarrek pausoak ematen eta beste herri batzuen eredu izaten jarrai zezan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkor baten alde”.
Berdintasun saileko zinegotzi gisa, erronkarik handiena Andretxea Emakumearen Etxea Isasira lekualdatzea, eta bertan egiten denari ikusgarritasuna ematea izan da: “Ez zen erreza izan, baina lortu genuen, eta gaur egun harrotasunez esan dezaket Andretxea Emakumearen Etxeak oso ondo funtzionatzen duela eta erreferentzia dela inguruko herrietan”.
Patricia Arrizabalagak kargua laga ondoren, Sonia Archeli Mesonero Gizartekintzako eta Pertsona Nagusien arloko zinegotzia izango da Berdintasun Sailaren zinegotzi berria. Halaber, Jon Iraola alkateak Arrizabalagari bederatzi urte hauetan egindako lana eskertu egin nahi dio. Bestalde, Gobernu Taldea berrantolatu egingo du alkateak, batzordeen presidenteei zein bokalei dagokienez.