Paula Calvo eta Ander Izagirre nagusi igeriketako Gipuzkoako Txapelketan
Eibar Igerixan taldeak emaitza bikainak lortu zituen ekainaren 20 eta 21eko asteburuan jokatutako udako txapelketetan. Klubeko igerilariek maila handia erakutsi zuten bai Bergaran jokatutako Gipuzkoako Junior eta Absolutu Txapelketan, bai Galdakaon ospatutako Euskadiko Alebin Txapelketan.
Bergarako Agorrosin kiroldegian jokatutako txapelketan 13 igerilari aritu ziren lehian, eta bi izen nabarmendu ziren bereziki. Paula Calvok urrezko lau domina eskuratu zituen, 100 estiloetan, 100 librean, 200 librean eta 400 librean, junior zein absolutu mailetan. Bestalde, Ander Izaguirrek ere lau garaipen lortu zituen maila absolutuan, 50 eta 100 librean, 200 librean eta 50 tximeletan.
Domina gehiago ere batu zituen Eibar Igerixanek. Itsaso Castrillok brontzea irabazi zuen 200 bizkar proban, junior eta absolutu mailetan; Asier Gomezek hirugarren amaitu zuen 400 libre absolutuan; eta Jokin Onekak beste brontze bat gehitu zuen 100 bular proban, junior kategorian. Gainera, Anes Abderrahamme, Ander Izaguirre, Jokin Oneka eta Asier Gomezek osatutako 4x100 libreko errelebo taldeak zilarrezko domina eskuratu zuen.
Bestalde, Galdakaoko Urreta kiroldegian jokatutako Euskadiko Alebin Txapelketan Alazne Avellaned, Paule Martin eta Gorka Castrillo izan ziren klubeko ordezkariak. Hiru gazteek marka pertsonalak hobetzea lortu zuten eta esperientzia baliotsua pilatu zuten Euskadiko Txapelketa batean.