Paula Morales (Aldatzen-eko kidea): "Boluntario ibilita gu zein ondo bizi garen konturatzen zara"

Paula Morales (Aldatzen-eko kidea): "Boluntario ibilita gu zein ondo bizi garen konturatzen zara"
2016/10/06 20:57
eta kitto!
Nora Otegi, Paula Morales eta Jaione Mendia Aldatze ikastetxean DBH-ko laugarren maila ikasten dihardute eta, horrez gain, Aldatzen eskolako boluntario taldeko kideak ere badira. Oso gazteak (14/15 urte dauzkate) izan arren, hiru neska hauek jakin badakite zer den eurak baino okerrago daudenei laguntzea zer den eta, iazko moduan, aurten ere Egoaiziarekin batera antolatu duten bazkari solidarioan egongo dira.

- Noiztik zaudete Aldatzen-en? Nola animatu zineten taldean sartzen?
Iaz hasi ginen hirurak. Besteei laguntzeko asmoz sartu ginen, boluntario izateak horretarako aukera ematen duelako. Gainera, lagun berriak egiteko aukera ere ematen du eta oso ondo pasatzen dugu.

- Beraz, zuen laguntza behar duen jendea dagoela uste duzue…
Munduan gu baino askoz okerrago bizi den jende asko dago. Ez dauzkate guk ditugun eskubide eta aukera berberak eta hori ez da zuzena, denak berdinak gara eta, beraz, denok izan beharko genituzke eskubide eta aukera berberak. Guk zorte handia daukagu eskolara joan gaitezkeelako, baina beste toki askotan umeek txikitatik lan egin behar izaten dute eta ezin dira eskolara joan. Horrela bizitzea oso gogorra izan behar da. Batzuetan gu edozein txikikeriagatik hasarratu egiten gara, baina horrela bizi direnekin gogoratu eta gurea ezer ez dela konturatzen zara. Boluntario moduan ibiltzea, besteak beste, gu zeinen ondo bizi garen ikusteko lagungarria da. Bestalde, guretzat lan txikia dena eurek asko eskertzen dutela, gu euren tokian ipintzeari garrantzi handia ematen diotela uste dugu.

- Urtean zehar bidezko merkataritzako produktuak saltzen ibiltzen zarete, ezta?
Bai, hilean behin kalean egoten gara, bidezko merkataritzako produktuak saltzen eta, horretarako, txandak egiten ditugu, taldeka. Eguraldi ona dagoenean San Andres eliza parean ipintzen dugu mahaia, baina euria eginez gero barruan egoten gara.

- Urriaren 15ean Untzagan egingo den bazkarian ere lanean egongo zarete?
Bai, iaz ere han izan ginen, mahaia ipintzen laguntzen eta inguruan zebilen jendeari informazioa ematen ibili ginen. Egun horretan, baina, nahiz eta gauzak egiten ibili ez duzu sentitzen lanean zaudenik, oso gustora ibili ginen eta aurten ere gustora joango gara. Bazkariaz gain umeek ondo pasatzeko jarduerak ere egiten dira, pailazoak, sukaldaritza tailerrak… oso giro ona egoten da eta ederto pasatzen dugu. Bazkarirako tiketak erosteko Kultu, Koxkor, Guridi eta Kontent tabernetara eta Villalba supermerkatura joan daiteke, 10 euro balio du (7 euro ume, jubilatu eta langabetuentzat).

bazkari-solidarioa