Pello Osoro Duatloiko Erdi Distantziako Espainiako azpitxapeldun
Pello Osoro eibartarrak podiumeko bigarren tokia eskuratu zuen asteburuan Hijarren jokatutako Duatloiko Erdi Distantziako Espainiako txapelketan. Postu hori lortzeko orduan, garrantzi handia izan zuen bizikleta gainean jokatutako segmentuan egindako lanak: saio horri zortzigarren postuan ekin zion eta, gutxinaka, postuak aurreratzen joan zen, hirugarren postura heldu arte.
Iaz ere txapela jantzi zuen Fernando Zorrilla irabazlearen atzetik Peñota Dental Alusigma taldeko bi ordezkari helmugaratu ziren, James Teagle ingelesa eta Pello bera (hirugarrena izanda ere, Espainiako txapelketarako Osoro sailkatu zen bigarren). Emakumezkoetan ere Peñota taldeak lortutako emaitza bikainek taldekako mailako txapela janztea ekarri zion Pello Osororen taldeari.
Asteburu honetan hurrengo erronka izango du eibartarrak, Huescako Anson jokatuko den Neguko Triatloiaren Espainiako Txapelketan. Otsailaren hasieran Reinosako Triatloi Zuria bereganatu zuen Osoro ondoren Italiara joango da, bertan jokoan izango baitira Neguko Triatloi eta Duatloiko Munduko Txapelketak.