Pello Osoro eta Helene Alberdi izan ziren garaile XXX. Eibarko Duatloian

Eguraldi kaxkarra egin zuen arren, 110 lagun iritsi ziren helmugara
Pello Osoro eta Helene Alberdi izan ziren garaile XXX. Eibarko Duatloian
2024/03/04 17:15
eta kitto!

Aurreko zapatuan jokatutako sprint modalitateko Eibarko Duatloiaren 30. edizioak eibartar bat izan zuen garaile, Peñota Dental Alusigma taldeko Pello Osorok jantzi baitzuen txapela, 47 minutu eta 41 segundoko denborarekin. Eguraldi kaxkarra izan zuten “lagun” bertan parte-hartzaileek; hala ere, izena eman zuten 123 lagunetik, 13 besterik ez ziren izan aurkeztu ez zirenak. Bestalde, bi kenduta beste guztiek amaitu zuten proba, hau da, 110 iritsi ziren helmugara.

Osororengandik hiru segundora sartu zen Amandarri Triatloi Taldeko Alejandro Astaburuaga, eta minutu bat eta 11 segundora Isbilya-Sloppy Joe’s taldeko Beñat Bengoetxea. Emakumezkoetan Zumaiako Triatloi Taldeko Helene Alberdi nagusitu zen, Lea La Blancako Nerea Calvo (57 segundora) eta Peñota Dentaleko Cristina de la Torreren (minutua eta 22 segundo geroago) aurretik.

Gure herriko JAZ Triatloi Taldeko ordezkariek honako postuetan amaitu zuten: Pablo Zabala zazpigarren izan zen, irabazlearengandik minutu bat eta 32 segundora; Ugaitz Gartzia 33. izan zen, Roberto Gartzia 49.ean sailkatu zen, Jokin Amorrosta 58. tokian helmugaratu zen, eta Iñigo Gaston laugarren ordezkaria 91. postuan iritsi zen. Laurak euren mailetako postu onetan amaitu zuten: Ugaitz Gartzia hirugarren izan zen jubeniletan, postu bera lortu zuen Roberto bere aitak beteranoen 2 mailan, eta Amorrosta eta Gaston seigarren eta zazpigarren izan ziren, hurrenez hurren, 23 urtetik beherakoen sailkapenean. Taldeka, azkenik, Garraitz Kirol Taldea izan zen onena, Peñota Dental Alusigma eta Lea La Blancaren aurretik; JAZ Eibar Taldeak seigarren postuan eskuratu zuen.