Pello Osoro irabazle distantzia erdiko Gandiako triatloian

Atleta eibartarrak erakustaldia eskaini zuen bizikletan eta korrika
Pello Osoro irabazle distantzia erdiko Gandiako triatloian
2025/10/20 17:28
eta kitto!

Sasoi betean dagoela erakutsi zuen beste behin Pello Osoro triatleta eibartarrak. Zapatuan Gandiako ICAN triatloia jokatu zen eta, hasiera batean bere asmoa distantzia luzeko proban lehiatzea bazen ere, distantzia erdikoa egin zuen. Eta nola gainera, Mediterraneoko eguzkipean benetako erakustaldia eskain baitzuen, 7:45 atera baitzion helmugan Adrian Escrig bigarren sailkatuari David Blasco izan zen hirugarren, 8:03ra).

Igeriketa saioa ez da Osororen punturik indartsuena eta oraingoan ere ez zen salbuespena izan. Oscar Espinosa izan zen lehena uretatik irteten, baina txirrindularitza saioan gauzak eibartarraren alde jarri ziren. 1:45:36 partzialarekin, Osorok lidergoa hartu zuen bizikleta gainean eta gero, antxintxiketan, hegan egin zuen. 1:17:49 partziala ezarri eta 3:36:09 denborarekin iritsi zen helmugara, bigarrenari zazpi minutu baino gehiagoko aldea sartuz.

Osoro oso pozik agertu da emaitzarekin, baina anaia Txominekin gozatzea gustatuko litzaiokela onartu du sare sozialen bitartez.