Pello Osorok bikoteka jokatzen den SwimRun Biarritz proba irabazi du
Gure herriko atletak ondo dihardu errekuperatzen ekainean izan zuen istriputik eta, Frómistako triatloian bigarren postuan sailkatu ondoren, Biarritzen jokatutako SwimRun modalitateko proban bera eta Ioana Osa ondarrutarra onenak izan ziren bikote mistokoan. Peñota Dental Alusigma taldeko bikotearen denbora 2:05:39koa izan zen, sailkapen nagusiko laugarrena hain zuzen; hori bai, aurretik helmugaratu ziren beste hirurak gizonezkoek osatutako bikoteak izan ziren.
Guztira 86 bikotek amaitu zuten proba antxintxiketan egin beharreko 19 kilometroak eta igeriketan egin beharreko beste hiruk osatu zuten. Korrika egiteko tarteak bost tramo izan zituen, luzeena hamar kilometrokoa, eta igerian egin beharrekoak beste lau, horko luzeena 900 metrokoa izateko.