Pello Osorok, min hartuta, agur esan dio denboraldiari
2022/10/07
08:00
eta kitto!
Bere bizitzako denboraldi onena egiten ziharduen Eibarko triatloilariak dituen lesioak ondo tratatzeko denbora hartuko du horrela, 2023a minik gabe hasteko asmoarekin. Urte hasieratik honaino, lehenengo neguko triatloiekin eta, ondoren, duatloiekin eta orain arte triatloiekin osatu du ibilbide paregabea. Saihets-hezurrean duen pitzadurak eta belaunean sortu zaion hanturak denboraldia bertan behera lagatzera behartu dute Pello, erabaki hori hartzeko azken unera arte garaipenen eta postu bikainen munduan izan bada ere. Horrela, bakarrik egun batzuk pasa dira Sevillako Half irabazi zuela, jarraian podiuma egiteko Europako Triatloi Krosean eta 8. postua lortzeko MD Triatloiko Europako txapelketan. Bere egutegian zeuden Cascaiseko Ironman 70.3 eta Ibizako Half-a beste baterako laga beharko ditu. Ea lehenbailehen sendatzen den gure herriko kirolari handia.