Pentsio publiko eta duinak eskatzeko asteroko elkarretaratzea egin dute gaur Eibarko Pentsionista Taldekoek

Gaurko kontzentrazioan ia 100 lagun elkartu dira.
Pentsio publiko eta duinak eskatzeko asteroko elkarretaratzea egin dute gaur Eibarko Pentsionista Taldekoek
2025/05/19 19:01
eta kitto!

Gogora ekarri dutenez, pentsiorik apalenak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea helburu duen herri ekimen legegilea erregistratu zuen EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eguenean, Eusko Legebiltzarrean, hori babesteko bildu dituzten 145.142 sinadurekin batera. Euskal Herri osoko pentsiodunak Gasteizen elkartu ziren, Legebiltzarreaino manifestazio jendetsuan joateko. Bildutako sinadurak, berriz, traktore batek tiratutako atoian eraman zituzten.
Pentsiodunen Mugimendutik adierazi dutenez, “sinadura kopuru hau iazko hauteskundeetan emandako botoen %13,5aren parekoa da. Ez da marka makala gero!”. Nabarmendu dutenez, “ekimenak babes ikusgarria, historikoa izan du” eta, beraz, beraien eskaera aintzat hartzea eskatu diete talde politikoei. Pentsiodunen Mugimenduko ordezkarien berbetan, “herri-ekimen honen hedapenak eta harrerak ez du aurrekaririk, eta oso itxaropen handia sortu du euskal gizartearen sektore zabaletan, miseriazko pentsio argi eta garbi eskasak emendatzeko beharrari erantzuten diolako”. Aurreko astean egindako adierazpenetan, ekimen legegilea izapidetzeko borrokan jarraituko dutela argi laga dute Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariek.