Pentsio publiko eta duinak eskatzeko manifestazioa egin da gaur eguerdian
2023/10/23
18:19
eta kitto!
Eibarko Pentsiodunen Taldeak deituta, pentsio publiko eta duinak eskatzeko manifestazioa egin da gaur eguerdian. Pentsionisten arabera, “Gobernu berriaren inbestidurarekin gertatzen dena gertatuta ere, inbestidura-prozesu bat bermatze aldera alderdi politikoen artean egiten ari diren negoziazioetan, pentsio duinen aldarrikapenak kontuan izan behar dituztela uste dugu, eta une egokia dela pentsiodunen oinarrizko eskubideak eskatzen jarraitzeko. Gogoratu, halaber, hilaren 28an Madrilen izango garela, Estatuko gainerako pentsiodunen plataformekin, alderdi politiko guzti-guztiei gogorarazteko zein diren gure eskaerak”.
Pentsioen igoerak nola zehazten diren zain, berriz ere gogoratu dituzte eskaera nagusiak: 1.080 €, hamalau ordainsaritan kobratu beharreko gutxieneko pentsio gisa; generoen arteko aldea behin betiko desagertzea, bai lanpostuetan, bai pentsio bat kobratzeko orduan; alarguntza-pentsioekiko diskriminazioa %100ekoa izatea; erretiro aurreratuaren murrizketen erreformak eta koefiziente murriztaileak indargabetzea, pentsioaren % 40rainoko murrizketak jasaten baitituzte, nahiz eta Gizarte Segurantzan 40 urte kotizatuta izan; eta zerbitzu publikoen defentsa, prestazioen kalitatearen berme gisa.