Pentsiodunek datorren astelehenean egingo dute ikasturteko azken elkarretaratzea, 12:00etan Untzagan
Eibarko Pentsionisten Taldeak datorren astelehenean egingo du ikasturteko azken elkarretaratzea, pentsio duin eta publikoen alde. Astero bezala, kontzentrazioa 12:00etan hasiko da, Untzagan. Ondoren, irailera arte ez dute elkarretaratzerik egingo, “ordura arte ez delako Legebiltzar berria osatuko. Gure eskaerak alderdi politikoei helarazi dizkiegu eta erantzunaren zain gaude”. Datorren asteko ekitaldian pentsiodunek pankarta guztiak aterako dituzte, egiten dituzten eskaera guztiak batera erakusteko.
Bestalde, eguen eta barixakuan Sarrikoko (Bilbo) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egindako Pentsiodunen eta Sindikatuen Plataformen Topaketa “arrakastatsua” izan zela nabarmendu dute. Topaketa Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatu zuen, estatuko hainbat herri eta erkidegotako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera: “Parte-hartzaile guztien iritziz, oso arrakastatsua eta positiboa izan da. Bi egunen artean 210 lagunek hartu dute parte, tartean estatuko pentsiodunen plataformetako eta sindikatuetako ordezkari-talde zabala, Frantziako bi sindikatutako kideak, gehi Iparraldeko ordezkari bat. Pantailan, halaber, Alemaniako sindikatu bateko pentsiodun baten esku-hartzea ikusi ahal izan zen. Era berean, gehiengo sindikalaren ordezkariek parte hartu zuten, euskal eremuan bakarrik jarduten baitute”.
Europa sozial eta herrien alde, pentsio publiko duinak goiburuko jardunaldietan, bi gai nagusi izan zituzten hizpide: lehena, pentsio-sistema publikoen aurkako etenbariko erasoen aurrean Espainiako eta Europako diagnostikoa partekatzea; eta, horrekin batera, Europa mailan mobilizazioak eta bestelako ekimen partekatuak bultzatzeko aukera baloratzea, “eraso horiei aurre egiteko eta pentsio duinak bermatuko dituzten sistema publikoak defendatzeko”.