Pentsiodunek manifestazioa deitu dute astelehenerako, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatzeko

Datorren astelehenean, ekainak 16, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak egingo ditu lau hiriburuetan, eta astelehenero pentsiodunak biltzen diren herrietan. Eibarren 12:00etan irtengo da, Untzagatik.
Pentsiodunek manifestazioa deitu dute astelehenerako, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatzeko
2025/06/09 17:39
eta kitto!

Aldarrikapen nagusia gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea izango da, Eusko Jaurlaritzan maiatzean aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegilean jasotzen den bezala. Gogora ekarri dutenez, “proposamen horrek lehen fasea, hau da, izapidetzeko onarpena gainditu du, eta orain alderdi politikoen akordioaren zain gaude bigarren fasea onartzeko, hau da, gure proposamena aurkezteko, Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozka dadin. Gure aldetik, bilera bat eskatu dugu Pradales Lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin”. Proposamenak 145.142 sinaduraren eta euskal gizarteko 287 pertsona garrantzitsuren babesa duela ere nabarmendu dute. Hala ere, Gasteizen agintzen duten alderdiek ez dutela ezer esaten salatu dute, “eta horrek pentsarazten digu mobilizazioak funtsezkoak eta beharrezkoak izaten jarraitzen dutela. Azken fase hau arrakastaz burutzeko asmoz, mobilizazio hauek Herri Ekimen Legegilearen helburuak, hau da, 150.000 pertsonaren prekarietate-egoerarekin amaitzea lortu arte amaituko ez den sentsibilizazio-kanpaina batekin batera deitu dira”.
Gaurko mobilizazioa amaitu aurretik, Eibarko pentsiodunei eta orohar herritar guztiei Untzaga plazatik eguerdiko 12:00etan abiatuko den manifestaziora joateko deia egin dute.
Bestalde, asteleheneko manifestazioa egin ondoren, Euskal Herriko herri gehienetan bertan behera lagako dituzte astelehenetako elkarretaratzeak. Eibarren, Arrateko jaiak igarota, irailaren 15ean bueltatuko dira.