Pentsiodunen borrokaren 6. urtemuga ospatuko dute astelehenean, 12:00etan Untzagan
2024/01/11
12:38
eta kitto!
Pentsiodunek borrokari ekin ziotela sei urte beteko dira astelehenean, eta eguerdiko elkarretaratzera joateko deialdi berezia egin nahi izan dute Eibarko Pentsiodunen Plataformakoek: “Euskal Herriko 80 herri baino gehiagotan, baita Estatuko hiri askotan ere, kalera itzuliko gara lortutakoa aldarrikatzeko eta lortzeko falta zaiguna eskatzen jarraitzeko. Sei urte hauetan gauza asko gertatu dira, agian garrantzitsuenetako bat izan zen % 0,25eko igoera gainditzea lortu genuela, lau urtez inposatu zitzaigun KPIaren igoeraren konpentsazio gisa. Beste puntu positibo bat, zalantzarik gabe, iraunkortasun-faktore ospetsua ezabatzea izan zen. Azpimarratzekoa da 2021ean pentsioen erreforma onartu zela, KPI errealaren igoera legez errespetatu zelako. Hala, iaz kotizaziopeko pentsioek % 8.50eko eguneratzea izan zuten, eta aurten % 3,80koa, pentsio prekarioenen hobekuntza batzuez gain, salbuespenezko egoera batzuetan % 14,10eraino”. Mobilizazioei esker emaitzak izaten ari direla argi daukate, baina nabarmendu dute aurrera begiratzen jarraitu behar dutela, “Euskal Autonomia Erkidegoan ia 200.000 pentsiodun daude-eta.
Gogora ekarri dutenez, Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapenek honako hauek izaten jarraitzen dute: hamalau ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea; soldatetan zein pentsioetan dagoen genero-arrakala desagertzea; alargun-pentsioa ezkontidearen ekarpenaren %100 izatea; eta 40 urtera arte kotizatuta izan arren, nahi ez diren erretiroen pentsioei ezarritako zigorrik ez aplikatzea. Diotenez, “gure ustez, 2014. urte honetan bete behar du behingoz Gobernuak Gizarte Segurantzaren kutxaren egoerari buruzko auditoria egiteko promesa betetzea. Astelehenean, 12:00etan, Untzagan ikusiko dugu elkar, eta 2024rako pilak kargatzeko, hamarretako interesgarri bat dastatuko dugu”.