Pentsionisten mugimenduak deituta bihar eskualde mailako manifestazioa irtengo da 12:00etan Untzagatik

Pentsionisten mugimenduak deituta bihar eskualde mailako manifestazioa irtengo da 12:00etan Untzagatik
2021/09/30 17:50
eta kitto!
Bihaur (urriak 1) Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, eguerdian eskualde mailako manifestazioa egingo da, 12:00etan Untzagatik hasita. Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformak deitutako mobilizazioa “Helduak borrokan bizitza duinaren alde” goiburuari jarraituta egingo da eta, pentsiodunen mugimenduak salatu duenez, “pentsiodunok etengabeko murrizketak jasan behar ditugu pentsio publiko seguru eta duinen eskarian, bai eta osasun-laguntzan, egoitza eta osasun-zentro askotan ere. Zerbitzu publiko hori eta beste batzuk pribatizatzeko etengabeko politikak ondorio negatiboak izaten ari dira zerbitzuetan zein bertan ari diren langileen lan-baldintzetan. Biharko eguna baliatu nahi dugu adinekoentzako laguntza-zentroetan baliabide teknikoak eta giza baliabideak eskatzeko, besteak beste”. Bihar EAEko hiriburuetan eta 70 herritan baino gehiagotan irtengo dira kalera pentsiodunak, zahar etxeetako erabiltzaileen elkarteekin batera, “pentsio duinak eta etxebizitza eta zentro soziosanitario egokiak” aldarrikatzera. Horrekin batera, bankuen jokabidearekin oso hasarre daudela nabarmendu dute, baita Ministroen Kontseiluak pentsioei buruz hartutako azken akordioekin ere: “Madrilgo Gobernuak, sindikatu batzuen lankidetzarekin, legeak onartzen jarraitzen du, pentsiodunen eskaerak kontuan hartu gabe”. Hain zuzen ere, bankuetan nola tratatzen dituzten salatzeko, irailaren 20an manifestazioa egin zuten Eibarren.



Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunak, Espainiako hainbat elkarterekin batera, Bruselara joan dira aste honetan, martitzenean hainbat europarlamentarirekin bilera egin eta beraien eskaerak helarazteko: besteak beste, pentsio publikoak eskubide gisa blindatzea, Europako Funtsen banaketan pentsio sistema publiko baten bermea lehenestea, eta pentsioen errebalorizazio automatikoa bermatzea, “gutxienez” KPIaren arabera.