Peru Nolaskoain zumaiarrak 2030era arte luzatu du kontratua SD Eibar-ekin
Denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta dira (play-offeko partidak kontuan hartu barik), baina SD Eibar hasi da etorkizunera begirako lana egiten. Horrela, Peru Nolaskoain zumaiarraren kontratua 2030.era arte luzatu du, taldearentzat jokalari garrantzitsua dena lotuz.
Nolaskoain 2022/23 denboraldian iritsi zen Athletic Club-ek lagata, baina denboraldia amaitzean Bilbora itzuli zen. 2024an, ostera, Eibarrek fitxatu egin zuen eta harrezkero taldearen ikurretako bat bihurtu da, oso maila ona erakutsiz.
Hasiera batean zelai erdian jokatu izan zuen Nolaskoainek, baina denboraldi honetan defentsan aurkitu du tokia zumaiarrak eta bikain moldatu da, azken neurketatan min hartuta ibili den arren.
Eibarrekin 120 partida jokatu ditu orain arte, 90 titular bezala, eta 10 gol sartu ditu 8.200 minututan.