Pilota Eskolak jaialdi berezia antolatu du barixakurako Astelena frontoian

Pilota Eskolak jaialdi berezia antolatu du barixakurako Astelena frontoian
2023/10/11 10:16
eta kitto!
Urriko zubia dela-eta, Federazioko partidu ofizialik ez bada izango ere asteburu honetan, Klub Deportiboko Pilota Eskolakoek jaialdi bikaina antolatu dute etzirako, maila guztietako ordezkariekin osatutako neurketekin. 17:00etan hasiko den jaialdiak sei partidu izango ditu, zaletuek ondo gozatzeko emango duena, jakinda gainera parte hartuko duten guztiak etxekoak izango direla, klubekoak.

Lehenengo partiduan, benjamin eta alebinen arteko binakakaoan, Saioa Oñederra eta Aratz Andonegik Telmo Agote eta Ibai Acharen kontra jokatuko dute. Bigarrengoan, benjaminen arteko buruz burukoan, Markel Segurola eta Enaitz Arriola izango dira, nor baino nor. Ondorengo hiru partiduak lau eta erdiaren barruko kaiolan jokatuko dira: infantiletan, Liher Gil Aratz Amillategiren aurka; ondoren, jubeniletan, Manex Gisasola Ekhiren aurka izango da; eta, azkenik, maila berean, Ibarrak eta Izagirrek neurtuko dituzte indarrak. Jaialdiari amaiera emateko, helduen mailako binakako partiduan, Agirresarobe eta Narbaiza izango dira alde batetik, eta Azkargorta eta Bergua bestetik.