‘Pirinioetako Bidea’: Askatasunaren bidea argitu

‘Pirinioetako Bidea’: Askatasunaren bidea argitu
2022/06/03 10:57
eta kitto!
Uztailaren 2an Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte ‘Pirinioetako Bidea’ egitasmoaren bitartez. Katalanak eta euskal herritarrok bat eginda, batzen gaituen mendilerroa argiz beteko dugu herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Euskaldunok 100 gailur inguru argiztatu beharko ditugu eta eibartarroi Kokori mendia egokitu zaigu.

 

Josu Etxaburu Gure Esku egitasmoko zuzendaritzako kideak eguaztenean Topalekuan egin zen aurkezpenean adierazi zuen bezala, “uztailaren 2an mugarri garrantzitsua ezarriko dugu burujabetzarako bidean”. Izan ere, bere berbekin jarraituz, “handira jartzen garenean, handira jartzen gara”. Eta ez da motz gelditzen, Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatzea delako asmoa. “3.000 metroko altuera duten mendiak daude tartean, baina erronka honek 8.000 metroko mendiak igotzea baino gehiago eskatzen du, autodeterminazio eskubidea lortu nahi baitugu”.

Ekimen ikusgarria izango da eta, horren bitartez, Europari adierazpen garbia egin nahi diote, besteak beste: “Herritarren borondate defendatzea, ez gehiago ez gutxiago”, Etxabururen berbetan.

Gure Eskuko zuzendaritzako kideak esan bezala, Europan gauzak mugitzen ari dira, eta Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalansek martxak jarritako ‘Subiranotasunaren lurralde-gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kodea’ eta Europar Batasuneko alderdi subiranistek abiatutako ‘Selfe Determination Caucus’-a jarri zi-tuen adibide. “Ez dakigu noiz emango duten emaitza, baina mugitzen dabiltza”, aipatu zuen. Eta mugitzen direnerako, euskaldunok prest egon behar garela aipatu zuen: “2014an, Eskozian erreferenduma egin zenean, Zurriolan geunden mosaiko bat egiten. Ondo dago, baina autodeterminazioaren hurrengo olatua datorrenean non egongo gara? Ezin gara esperoan gelditu. Inork ez digu ezer emango, guk lortu behar dugu”, zehaztu zuen.

 

Herriaren gogoa berriz piztu

Horregatik ‘Pirinioetako Bidea’ egitasmoaren garrantzia. Ez bakarrik, Etxaburuk esan bezala, ‘turista subiranista’ kontzeptua atzean lagatzeko eta euskaldunok gure bide propioa egiteko, baizik eta “herriaren gogoa berriz pizteko”, bere berbetan. “100 gailur argiztatu baino, 200 herri aktibatu nahi ditugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko”.

Pandemiaren bi urteak zailak izan direla aitortu zuen Etxaburuk eta Gure Esku kalean egon ez izanak kalte egin diela. Beraz, handira jarri dira, lortu nahi duten helburua handia baita.

Gauzak horrela, baikor eta gogotsu ekin diote ekimenari, horrek ekarriko duenak Gure Eskuren nahiak hauspotuko dituelakoan. “Erabakitzea inoiz ez da gatazka iturri; erabakitzea ukatzea, aldiz, bai. Espainiako eta Frantziako estatuek gatazka demokratiko bat eragin dute. Arazoa ez dago Katalunian edo Euskal Herrian, arazoa estatuena da”, Etxabururen berbetan.

Gure Eskuren iritziz “herriari hitza emateko sasoia da” eta, era berean, herriak hitza hartzekoa. “Erabakitzeko eskubidea lege bihurtzeko unea da”, Etxabururen ustez, eta horrelako ekintzek bide horretan laguntzea espero du. “Gure Esku 2013an sortu zen eta, Gure Esku zenbat eta lehenago desagertu, hobe, helburua lortu dugulako izango delako”, gehitu zuen. Helburua, batez ere, herriaren burujabetza erreferendum bitartez erabakitzea izango litzateke.

 

Katalunia eta Euskal Herria batera

Kataluniako eta Euskal Herriko entitate sozialek elkarlanean antolatu duten egitasmoa da ‘Pirinioetako Bidea’. Orain arte esploratu ez duten bidea da, baina Etxaburuk esan bezala, “gure nahiak partekatuak badira, partekatu dezagun bidea ere”.

Gure Eskurekin batera ANC (Assemblea Nacional Catalana), Omnium Cultural, FEEC (Federacio d’Entitats Excursionistes de Catalunya) eta Artistes de la Republica egitasmoek dihardute lanean ‘Pirinioetako Bidea’-ren antolakuntzan. “Izerdia botatzen ari gara bide honetan, baina batera joateak merezi du”, azpimarratu zuen Etxaburuk. “Kataluniako proces-a babesteko euskaldunok elkartasuna adierazi genien kalean, baina orain elkarlanera pasatzeko ordua zen. Roger Torrenti Gasteizen entzun nion bezala: ‘estatuari bretxa bat zabaltzeko’”.

Katalanek zein euskaldunok, gainera, esperientzia dugu horrelako ekintzetan. Izan ere, 2019an ‘Llum i llibertat’ egitasmoa gauzatu zuten Montserrateko 131 orratz argiztatuz, eta urte berean, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko zenbait menditan (Aiako harriak, Txindoki, Anboto...) erreplikak egin ziren.

 

Eibartarrak Kokori mendian

Aipatu dugun bezala, ‘Pirinioetako Bidea’ egitasmoak mezu garrantzitsua du atzean, baina ondo pasatzeko aukera ere izango da: lagun artean mendira joan, Pirinioez gozatu, ekimen bateratuan parte hartu... Erronka kolektibo eta parte-hartzaile erraldoia izango da eta, mendizale trebatua edo hasiberria izan, herritar guztiek parte hartzeko moduko ekimena izango da. Gainera, Pirinioetara joateko aukera ez dutenek ekimenarekin bat egin dezaten, herrian ekintzak egiteko asmoa dago.

Mendiak bi mailatan banatu dituzte, ezaugarrien arabera: mendi mugatuak (gorriak) eta eskuragarriak (berdeak). Ekimenaren webgunearen bitartez (viapirenaica.cat) parte-hartzaile bakoitzak zein menditara joan nahi duen aukeratu ahal du eta antolatzaileek izena ematearen garrantzia azpimarratu nahi dute, antolakuntza hobeagoa bermatzeko eta parte-hartzaileei beharrezko informazioa emateko. “Mendi bakoitzeko arduraduna nor den esango zaie eta, edozein gauza gertatzen bada, arazoak konpontzeko errazagoa izango da”, antolatzaileek diotenez.

Jendea libre da nahi duen mendira joateko, baina gauzak hobeto antolatzeko bidean, herri bakoitzari mendi bat egokitu zaio. Horrela, eibartarrok, Soraluzekoekin batera (eta Debakoekin agian), Kokori mendia argiztatzeko ardura izango dugu, Etxalar inguruan. Mendiak 723 metro ditu eta 2 kilometro inguruko bidea egin behar da gailurreraino. Dena dela, parte-hartzaile guztiak ez dira gailurrera iritsi behar, bidea ere argiztatu behar delako.

Gure Eskuk doako autobusak jarriko ditu Eibartik 18:30ak inguruan (Soraluzetik 18:00etan) eta 20:00ak inguruan iritsiko dira Etxalarrera. Han mokadutxoa jateko aukera egongo da Kokorira igo aurretik. Mendiak 22:00etan argiztatuko dira eta gero, ekimena amaitu ondoren, autobusak 00:00ak inguruan irtengo dira Eibarrerantz. Federatu gabeko parte-hartzaileek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuek 5 euro.

Mendi bakoitzean asko argitzen duen faroltxo bat eramango dute parte-hartzaileek, baina gomendagarria izango da bakoitzak argiren bat eramatea, iluntzen duenean jaisten laguntzeko batez ere.

Izena eman ahal izateko, izenaeman.gureesku.eus webgunean erraz egin daiteke, eta bestela, gaur, 18:00etatik 20:00etara, ekimenaren antolatzaileak Topalekuan egongo dira egitasmoaren berri emateko. Gainera, hilaren 8an, 15ean eta 22an Deporren egongo dira baita ere, edozeinek informazio gehiago behar badu edo izena emateko.

Eibarko arduradunek esan bezala, dagoeneko hainbat lagunek eman dute izena. Batzuk autobusean joango dira, beste batzuek ostatua hartuko dute Etxalar inguruan, eta ziurrenik beste askok azken momentura arte itxarongo dute izena emateko. Baina, esan bezala, mugarria ezarriko duen ekintza honek herriaren babesa behar duela diote eta esaldi honekin amaitu zuten eguazteneko aurkezpena: “Argiztatu dezagun askatasunerako bidea, eta batez ere librea”.

Gure Esku dago Pirinioetako Bidea Gure Esku dago Pirinioetako Bidea1 Gure Esku dago Pirinioetako Bidea2