Pirinioetako ia 3.000 metroko hiru gain egiteko aukera eskaintzen du Klub Deportiboak

Pirinioetako ia 3.000 metroko hiru gain egiteko aukera eskaintzen du Klub Deportiboak
2019/07/11 08:40
eta kitto!
Uztailaren 25etik 28ra 2000koak Pirinioan programaren Araneko Itzuliaren lehen zatia egiteko irteera antolatu du Klub Deportiboko mendi batzordeak. 2.679 metroko Tuc de Marimanha, 2.881eko Pic de Maubérme eta 2.714 metroko Tuc dera Sèrra Nauta izango dira egingo dituzten gainak eta irteera horretarako plazak mugatuta daude, “alojamendua erreserbatu behar delako”. Izen-ematea joan den asteko martitzenean zabaldu zuten eta astero martitzen eta eguenetan (19:30-20:30) aukera egongo da izena emateko; baita 943-201904 telefono zenbakian edomendia@deporeibar.com helbidean.

Lau egun horietako lehen etapa Pla de Beretetik Montgarrira joango da, ia 17 kilometro eginez eta 1.055 metroko metatutako desnibelarekin; bigarrenean Montgarritik Refugi D’Etang D’Araingera joango dira, 24 kilometro osatu eta 2.110 metroko desnibela gaindituta; hirugarrenak aipatutako Refugitik Honeriara eramango dizkie, 14 kilometro eta erdi osatuz, 910 metroko desnibelarekin; eta, azkenik, laugarren etapak Honeriatik Les, Garona gaineko zubira egingo dute, zortzi kilometro eta erdian 255 desnibela gaindituz. Azken etapa horrek bi aukera eskainiko dizkie mendizaleei, “biak ere irudi ederrez lagunduta”.