Play-off postuetara jauzi egin nahi du SD Eibar-ek Huescaren aurka

Azken 18 partiduetan bi besterik ez ditu galdu gizonezkoen 2. Mailan jokatzen duen SD Eibar-ek
Play-off postuetara jauzi egin nahi du SD Eibar-ek Huescaren aurka
2026/04/15 13:17
Ekhi Belar Errasti

Oso bolada onean dago gizonezkoen 2. Mailan jokatzen duen SD Eibar. Azken 18 partiduetan bi neurketa besterik ez ditu galdu eta eskura ditu play-off postuak. Talde eibartarra 8. postuan da orain, 6. dagoen Castellorengandik hiru puntura, liga amaitzeko zazpi jardunaldi geratzen direnean.

Azken jardunaldietan etxetik kanpo puntuak eskuratu dituen arren, etxean da benetan indartsu SD Eibar eta hori aprobetxatu nahi du asteburu honetan. Beñat San Joseren taldeak Huesca hartuko du etzi, 18:30ean, Ipuruan, eta Aragoikoa jaitsiera postuetan dagoen taldea dela baliatu nahi du play-off postuetara jauzi egiteko.

Horretarako, zaletuen animoak ezinbestekoak izango dira eta, Ipurua betetzeko asmoz, klubak 10 euroan salduko dizkiete sarrerak abonatuei.

 

Palacios 2028ra arte

SD Eibar-ek eta Cesar Palacios kirol-zuzendariak akordioa lortu dute kontratua 2028ko ekainera arte luzatzeko. Nafarra 2021eko udan iritsi zen klubera, Bigarren Mailara jaitsi eta gero, berreraikitzeko momentuan. “Harrezkero, taldearen eraketa eta kirol egitura zuzendu ditu, talde lehiakorra sendotuz eta klubaren identitatearekin bat eginez”, klubaren berbetan.

 

Corpasek 200 partida

Jose Corpas futbolariak SD Eibarrekin jokatzen duen 200. neurketa jokatu zuen astelehenean Real Valladoliden aurka. Bost denboralditan, Almeriatik etorri zen jokalari jaendarrak 14.000 minutu baino gehiago jokatu ditu eta 29 gol sartu, taldeko ikurretako bat bihurtuz.

Aurtengo denboraldian, adibidez, 25 partidu jokatu ditu (33 titular bezala) eta 2.800 minutu eman ditu zelaian, bost gol sartu eta lau asistentzia emanez.