Podiumak eta amaiera festa borobila Ipurua Gimnasia Erritmikoko gimnastentzat

Joan den igandean ia 270 gimnastek hartu zuten parte Ipurua kiroldegian egin zen ekitaldian
Podiumak eta amaiera festa borobila Ipurua Gimnasia Erritmikoko gimnastentzat
2026/06/05 15:39
Ekhi Belar Errasti

Joan den asteburua oparoa izan zen Ipurua Gimnasia Erritmikoko klubarentzat. Gimnastek bi txapelketatan parte hartu zuten larunbatean, emaitza bikainak lortuz, eta igandean denboraldiari amaiera emateko erakustaldi jendetsua eskaini zuten Ipurua kiroldegian.

Alde batetik, Euskadiko Amateur Txapelketa jokatu zen, eta bertan Ipuruako ordezkariek podiumeko postuak eskuratu zituzten. Ainhize Iturraran hirugarren sailkatu zen uztai ariketan, Arrate Aizpuruk lehen postua lortu zuen mazoekin eta Naroa Perezek ere garaipena eskuratu zuen sokako saioan.

Bestalde, Logroñon jokatutako federatu absolutuen txapelketan ere parte hartu zuten klubeko gimnastek. Nahia Arguizek emaitza bikainak lortu zituen, bigarren postua eskuratuz uztai ariketan eta bosgarrena pilotan. Arrate Bascaranek, berriz, 20. postuan amaitu zuen pilotako lehia.

Asteburua borobiltzeko, igandean kurtso amaierako erakustaldia egin zuten Ipurua kiroldegian. Guztira ia 270 gimnastek hartu zuten parte ekitaldian, eta pista nagusia lepo bete zen saioak ikustera eta parte-hartzaileak animatzera gerturatutako senide eta zaleekin.