Poliziak hainbat lagun aterarazi ditu Urkizuko lokal batetik
Udaletik esan digutenez, "problematikoak" ziren lokal horretan zeuden lagunak eta lapurretak egin dituzte herriko hainbat establezimendutan. "Horregatik, identifikatuta genituen eta polizia atzetik zebilen", Udaleko ordezkarien berbetan. Bertan egon den jende gehiena oso gaztea zela esan digute eta horietako batek Herbehereetatik kanporatzeko agindua duela.
Lokala Urkizun dago kokatuta, dorreen azpiko aparkalekuaren inguruan, eta operazioaren ondoren lokala hustu eta sarraila aldatu dute.
Lokalaren jabearen berbak
Lutxo Ojanguren lokalaren jabeak Diario Vascori adierazi dioenez, “bederatzi eta hamaika lagun artean egon dira lokalean bizitzen eta beldurtuta egon gara borrokak eta istiluak egon direlako etengabe”.
Urkizuko lokaletako jabeek eta bizilagunek salaketa aurkeztu zuten legez kanpoko okupazioaren berri jaso zutenean eta Udalarekin jarri ziren harremanetan, Eibarko epaitegiak aterarazte-baimena eman duen arte.
Ojangureren berbetan, “erabateko babesgabetasuna sentitu dut. Nire lokalak kalteak jasan ditu okupazio horrengatik eta inork ez dit kalteengatik ezer emango. Ez zekiten bertan zeudenak non sartu. Umeak eta guzti zeuden bertan. Lokalak ez zuen ez urik ez argirik, eta prozesu luzea izan da ateraraztea gertatu arte. Suspentsoa erakunde guztientzat. Amesgaizto honek lau hilabete iraun du”.