Pontevedra izango da SD Eibar-en arerioa Kopako hurrengo kanporaketan

Pasaron futbol zelaian jokatuko dute, partidu bakarrera, abenduaren 2an, 3an ala 4an
Pontevedra izango da SD Eibar-en arerioa Kopako hurrengo kanporaketan
2025/11/11 13:49
Ekhi Belar

SD Eibar-ek gaur goizean jakin du zein izango den bere aurkaria Kopako bigarren kanporaketan. Oraingoan, Galiziara joatea tokatuko zaio, Pontevedra CF izango baitu arerio. Kanporaketa partidu bakarrera jokatuko da, Pasaron zelaian, abenduaren 2an, 3an ala 4an, oraindik ez baitute zehaztu.

Pontevedra Lehen RFEF Mailako 1. Multzoan aritzen da gaur egun eta Ruben Dominguez da bere entrenatzailea. Bien arteko neurketei dagokienez, 2009/10 denboraldian jokatu zuten azkenengo aldiz elkarren aurka, Bigarren B Mailan, eta Pontevedra atera zen garaile, 1-0. Horren aurretik, beste zortzi aldiz aritu dira elkarren lehian eta Eibarren lau garaipen, berdinketa bat eta hiru porrot lortu ditu.