Porrot lazgarriak Urbat waterpoloko talde nagusientzat
Emakumezkoek Euskal Herriko Waterpolo Ligaren 2. jardunaldia jokatu zen asteburuan eta Urbat waterpolo taldekoek denboraldiko lehen partidua jokatu zuen etxean. Askartza A izan zuten arerio eta partidu ona jokatu zuten, berdinketa lortuz, “baina ofizialki neurketa galdutzat eman ziguten, arazo tekniko batengatik”, klubetik esan digutenez, eta 14-15 amaitu zen.
Gauza horrela, talde eibartarrak puntu barik jarraitzen du eta asteburuan Iruñean jokatuko du WP Iruña 98 02 B taldearen kontra.
Partidu bikaina
Estatu mailako 2. mailan jokatzen duen Urbatek Dos Hermanas talde indartsua hartu zuen, zapatu gauean, Donostiko Paco Yoldi igerilekuan. Sevillarrek munduko txapeldun izan diren hiru jubenil dituzte taldean eta beste bost jokalarik bekak dituzte errendimendu handiko zentroan.
Dena dela, eibartarrek “partidu bikaina” jokatu zuten, esan digutenez, eta 4. zatian 8-7 joan ziren markagailuan aurretik. Gainera, beste gol bat sartzeko aukera eduki zuten, baina ez zuten asmatu eta, azkenean, partidua 8-9 amaitu zen andaluziarren alde.
Garaipen handiak
Urbateko beste taldeei dagokienez, jubenilek 16-10 irabazi zioten Getxori, eta senior B taldea 10-17 gailendu zitzaion Waterpolo Navarra B-ri, Euskal Herria Ligako lehen mailako lidergoa lortuz.
Igerilekua itxita
Urbatetik esan digutenez, Orbeako igerilekua astebetez itxiko dute eta, ondorioz, ezingo dituzte euren partiduak bertan jokatu.