Portugalete garaile Eibarko Hiria Jose Mari Kruzetaren omenezko 38. Xake Txapelketan
Eguraldi tristea zegoen arren, mahaiak Untzagan plazan bertan jarri zituzten Klub Deportiboko xake batzordekoek. Aulkiak, piezak, erlojuak eta xake-taulak muntatuta zeudela, lanbro ahul batek txapelketaren hasiera baldintzatu nahi izan zuen, baina eskuzapiekin lehortu ostean partidak hasi eta arratsalde guztian lasai asko jokatu zuten xakean zapatuan Untzagan bildutako 106 jokalariek.
Euskal Herri osotik etorritako 21 talde eta klubeko jokalariekin osatutako beste bost talde elkartu ziren Untzagan Eibarko Hiria 38. Xake Txapelketa jokatzeko. Bertaratutako talde kopurua handia izaki, txapelketa Sistema Suitzarra erabiliz jokatu zutn txapelketa: sistema horrekin, talde edo jokalari asko daudenean, txanda gutxi jokatuz sailkapena erabaki daiteke -oso ohikoa da xake txapelketetan-. Beraz, 13 txanda jokatu ostean Portugaleteko taldea izan zen garaile, 40,5 punturekin, Donostiako Gros Xake Taldea A (39,5) eta Gros Xake Taldea B-ren (35,5) aurretik.
Aurten, klubaren mendeurrena dela-eta, klubean xakean jokatu izan duten jokalariak gonbidatu zituzten bertan parte hartzera eta, esan bezala, klubeko bost taldek hartu zuten parte txapelketan, osaera hauekin:
C.D. Eibar A: Diego Olmo, Jon Arana, Xabier Beorlegi eta Aitor Beorlegi
C.D. Eibar B: Ricardo Bastida, Jose Ricardo Gomez, Maykel Hernandez, Alex Aranzabal eta Endika García
C.D. Eibar C: Mikel Saenz, Yeray Fernandez, Beñat Duran eta Asier Añel
C.D. Eibar D: Emilio Jose Freire, Jose Antonio Garrido, Lorenzo Moya eta Aimar Garcia
C.D. Eibar E: David Perez, Asier Ibaibarriaga, Unai Etxaburu, Mariano Rodriguez eta Goio Uriarte
Unai Iraola Eibarko alkatea, Andoni Zabala Kultura zinegotzia eta Odile Kruzeta, Jose Mari Kruzetaren familiaren izenean, izan ziren sari-banaketan. Eta, ekitaldi berean, Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake elkarteko emakumezko-taldeari oroigarri berezia eman zitzaion, azken urteotan emakumezkoen xakeari egindako ekarpena eskertzeko.