Portugalete izan da garaile Eibarko Hiria 40. Xake Txapelketan
Euskal Herri guztitik etorritako xakelariak hartu zituen larunbatean Jose Mari Kruzetaren omenez egiten den Eibarko Hiria Txapelketaren 40. edizioak. 16:30ean eman zitzaion hasiera lehiari eta, hamazazpi txandaren ondoren, Portugaleteko xake elkarteko laukoteak bere nagusitasuna erakutsi zuen, 60 puntu lortuta txapela jantziz.
Podiumean Abadiño (53,5 puntu) eta Barakaldo (47,5 puntu) izan zituen alboan Portugaletek, eta Eibarko Klub Deportiboaren taldeek beherago amaitu zuten. Hain zuzen ere, Eibar A 10. izan zen 29,5 punturekin, Eibar B 12. 24,5 punturekin eta Eibar C 16. izan zen 10 punturekin.
Antolatzaileen berbetan, “txapelketako aipamen berezia, Azkoitiko Anaitasuna-Kakute elkarteko emakumeek osatutako Anai Neskak taldearentzat izan zen, urte guztian emakumeen xakearen alde egiten duten lanagatik”.