PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek Global Sumud Flotillaren aldeko adierazpena egin dute

PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek Global Sumud Flotillaren aldeko adierazpena egin dute
2025/09/29 11:05
eta kitto!

Eibarko Udaleko PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde politikoek adierazpen bateratua aurkeztu dute Global Sumud Flotillaren alde, Palestinarekiko elkartasun humanitario eta politikoaren adierazgarri.

Oharrean azaldu dutenez, Global Sumud Flotilla nazioarteko ekimen baketsua da, giza eskubideen aldeko aktibistek, erakunde zibilek eta mugimendu solidarioek bultzatua, eta Gazari ezarritako legez kanpoko blokeoa hausteko eta bertako herritarrei laguntza humanitarioa helarazteko helburua duena. Udal-taldeek azpimarratu dute ekimen hau nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Gutunean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta Genevako Konbentzioetan jasotako printzipioetan oinarritzen dela. 

Adierazpenean salatu dute Israelek Global Sumud Flotillako aktibistei mehatxu larriak egin dizkiela. Modu berean, flotillaren helburua oztopatu duten indarkeria-ekintzak egin direla gaitzetsi dute, Tunisiako portuan gertatutako bi erasoak, esaterako. Ekintza horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen dutela adierazi dute, eta babestu beharreko bake eta balio demokratikoei eraso egiten dietela.

Gauzak horrela, PSE-EEk, EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek honako puntuak adierazi dituzte:

  1. Global Sumud Flotillari babesa ematen diete, haren lan humanitario eta baketsua aitortuz, Palestinako herriaren sufrimendua arintzeko eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua sustatzeko nazioarteko elkartasun ekintza gisa.

  2. Erakunde publiko guztiei eskatzen diete, bai eta Europar Batasunari, Diputatuen Kongresuari, Eusko Legebiltzarrari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari babes esplizitua eman diezaiotela, Global Sumud Flotillari zuzendutako komunikazio ofizial baten bidez, ekimen horri baldintzarik gabeko babesa adieraziz eta haren aurkako edozein indarkeria- edo larderia-ekintza gaitzetsiz.

  3. Eskatzen dute erakunde horiek eskura dituzten bitarteko eta baliabide guztiak jar ditzatela Global Sumud Flotillako aktibisten osotasun fisikoa eta bizitza babesteko, neurri diplomatikoak, legezkoak eta segurtasunekoak barne, Israelgo Estatutik datozen mehatxu larriei erantzuteko.

  4. PSE-EE, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek konpromisoa hartzen dute Adierazpen hau aipatutako erakundeei eta Global Sumud Flotillari bidaltzeko, eta Palestinako kausarekiko sentsibilizazio- eta elkartasun-ekintzak sustatzeko, giza eskubideen printzipioekin bat etorriz.

Adierazpena 2025eko irailaren 26an sinatu dute, Eibarren.