PSE-EE eta EAJ-PNV nagusi Eibarren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan

PSE-EE eta EAJ-PNV nagusi Eibarren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan
2019/04/28 23:51
eta kitto!
taula 2016-2019psd

4.306 boto eskuratu ditu PSE-EEk gure herrian eta gertu, 133ra, geratu da EAJ-PNV, 4.173rekin. Orain dela hiru urte (2016ko ekainean) egin ziren Gorteetarako hauteskundeekin konparatuta, sozialistek 1.306 boto gehiago lortu dituzte eta jeltzaleek 1.120. Hirugarren eta laugarren postuan geratu dira, hauek ere bata bestearengandik gertu, Elkarrekin Podemos (2.862 boto) eta EH Bildu (2.689). Ezker abertzaleek orain dela lau urte baino 776 boto gehiago jaso dituzte. Podemos-ek, ordea, oraingoan 1.088 boto galdu ditu. PP-k ere boto asko galdu ditu 2016koarekin alderatuta, 527 hain zuzen ere: orduko 1.363 botoak 836an geratu dira orain.  Ciudadanosek 317 boto lortu ditu Eibarren eta Voxek 210.

Parte-hartzeari begira, 9 puntuko igoera izan da gurean, EAE-n eta estatu mailan eman den parekoa: 2016an %65’08k parte hartu bazuen hauteskundeetan, oraingoan boto-emaileen %74’21 joan da bozka ematera.

Euskal Autonomi Erkidegoan EAJ-PNV izan da garaile, sei diputaturekin (lehen bost zituen), eta PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk launa diputatu izango dituzte: Elkarrekin Podemos-ek lau galtzen ditu eta EH Bilduk bi irabazi. PP ordezkaririk gabe geratzen da EAE-n (lehen bi zituen).
Nafarroan Navarra Suma izan da garaile, bi diputaturekin, bi  lortu du PSN-k ere (bigarren hori EH Bildurekin borroka estuan) eta Podemosek bosgarrena. Lehen PP-UPN-k eta Podemosek bina zituzten eta PSN-k bestea.

Senatuari begira, EAE-n EAJ-PNV-k bederatzi senatari eskuratu ditu (lehen bost zituen), PSE-EEk bi eta EH Bilduk bestea. Azken horiek ez zuten ordezkaririk. Elkarrekin Podemos-ek sei senatari galdu ditu eta PP-k zuen bakarra.

Estatu mailan PSOE izan da irabazle argia (123 diputatu), ia bikoiztuz PP bigarren alderdiak lortutako diputatuen kopurua (65). Hirugarren geratu da Ciudadanos (57), laugarren Unidas Podemos (42), bosgarren Vox (24) eta seigarren Esquerra Republicana de Catalunya (15), azken hau Junts per Cat-en aurretik (7 diputatu).
Bestalde, sozialistak nagusitu dira Espainiako ia autonomi erkidego guztietan (baita Murtzian, Galizian eta Gaztela-Leonen ere, aspaldi ez bezala). EAE, Nafarroa eta Katalunia izan dira salbuespen bakarra.

Eibarko informazio guztia (auzoz auzoko emaitzekin egindako grafikoak barne)  PDF formatoan deskargatu dezakezue.

hauteskundeak azalerako

 

hauteskundeak ilaran

hauteskundeak irribarretsu