PSE-EE garaile, baina zinegotzia galduta, EH Bilduk irabazitakoa

PSE-EE garaile, baina zinegotzia galduta, EH Bilduk irabazitakoa
2023/05/28 23:37
eta kitto!
Lau urteko legegintzaldia amaitu ondoren, aldaketa bakarra izan da gure herriko alderdiek lortutako zinegotzi kopuruari dagokionez: PSE-EEk orain arte zuen bederatzigarrena galdu du, EH Bilduren mesedetan, azken honek bost zinegotzitik seira jauzi eginez. Hala ere, PSE-EE nagusitu da berriro ere, zortzi zinegotzirekin, eta EH Bilduk aurrea hartu dio EAJ-PNV-ri botoetan, biak sei zinegotzirekin berdindu arren. Elkarrekin Podemosek azken lau urteotako zinegotzi bakarrari eutsi dio. Boto-kopuruari dagokionez, PSE-EEk orain dela lau urte baino 1.130 gutxiago jaso ditu; hala ere, erraz nagusitu da, EH Bildu bigarrenari 1.173 botoen aldea aterata. Ezker abertzaleak 123 boto gutxiago izan ditu orain dela lau urtekoarekin parekatuta, eta EAJ-PNVk beste 541 2019an izandako botoei begira. Elkarrekin Podemosek 324 boto galdu ditu ordukoarekin parekatuta eta PP izan da bakarra 2019an ateratako boto kopurua hobetzen, 18 boto gehiagorekin. Hori bai, horrek ez dio aukerarik eman zinegotzia eskuratzeko.

Ia guztiek 2019an baino boto gutxiago izatearen arrazoia bi puntu garrantzitsutan nabari dezakegu. Alde batetik, orduko zentsoa 21.214 biztanlekoa bazen, oraingo honetan 660 gutxiago izan ditu, 20.554an geratzeko. Eta, horretaz aparte, ezin dugu ahaztu orduko parte-hartzea %67’72koa izan zenean, oraingo honetan %60’43an geratu dela, hau da, zazpi puntu eta erdi txikiagoa. Bestalde, auzoko botoei begira, PSE-EE auzo guztietan nagusitu da, Errebalekoan kenduta: hor, gu-txigatik bada ere, EAJ-PNV izan da boto gehien jaso duena. Eta EH Bildu bigarren izan da bestelako hauteslekuetan, Urkizu kenduta. Azkenik, eta kuriositate bezala, oraingo honetan 12 emakume eta 9 gizonek osatuko dute udal korporazioa.

 

GRAFIKOA HEMEN