PSE-EEk EH Bilduren Sostoa 14rako proposamena kritikatu du, "seriotasun eta zorroztasun falta" egotzita

PSE-EEk EH Bilduren Sostoa 14rako proposamena kritikatu du, "seriotasun eta zorroztasun falta" egotzita
2026/01/26 14:20
Irati Alvarez Malaxetxebarria

PSE-EEk gogor kritikatu du EH Bilduk Sostoa 14 eremurako aurkeztu duen proposamena, seriotasun eta zorroztasun falta egotziz. Sozialisten esanetan, azken planteamendua “azalekoa eta inprobisatua” da, eta ez dago “benetako proiektu baten” gainean eraikia. Ohar baten bidez azaldu dutenez, EH Bilduren proposamenak hiri-ingurunearen ezagutza eza eta kudeatzeko gaitasun falta erakusten ditu.

EH Bilduren ustez, Sostoa Tarren 14 lursaila aukera bakarra da San Kristobal eta Ipurua bezalako dentsitate handiko eremu batean espazio publiko berria sortzeko. Horregatik, PSEri eskatu dio lursailaren jabe den sustatzailearekin negoziazioak has ditzala, etxebizitzak eraiki beharrean, plazatxo edo parke publiko bat egiteko. Koalizioak gogorarazi du jarrera hori aspaldikoa dela: 2020an ere etxebizitza proiektuaren aurka bozkatu zuen, Plan Orokorra zaharkituta dagoela eta Eibarren etxebizitza huts ugari daudela argudiatuta. Azken hilabeteetan ere, Hirigintza Batzordeetan, proiektuaren aurka agertu da eta alternatiba gisa garajeak egin eta gainean gune berdea sortzea proposatu du.

Horren aurrean, PSE-EEk gogorarazi du udal gobernutik bultzatzen ari diren hiri-proiektuak jada aurreikusten duela zezen-plazaren egungo inguruan berdegune eta aisialdirako gune zabal bat sortzea. Proiektu hori ideien lehiaketa baten bidez garatuko da lehen fase batean, eta ondoren herritarren parte-hartze prozesu bat irekiko da, auzoaren errealitatearekin bat egingo duen eta hiri-kalitatea hobetzea helburu duen egitasmo gisa.

Sozialistek gogorarazi dute, gainera, Sostoa 14 lursaila aspaldidanik dagoela etxebizitzak eraikitzeko aurreikusita Plan Orokorrean. Horregatik, lurren jabeek legeak aitortzen dizkien eskubideak dituztela eta errespetatu behar direla nabarmendu dute. EH Bilduri leporatu diote, halaber, udal-plangintzaren inguruko oinarrizko ezagutzarik ez izatea eta proposamenaren zenbait datu garrantzitsu ez azaltzea, hala nola proiektuak udalari zenbat kostatuko liokeen.

PSE-EEren esanetan, “eibartar guztien dirua ezin da EH Bilduren okurrentzien zerbitzura jarri”, eta proposamenak “nahasmena eta zarata” besterik ez du sortzen. Sozialisten ustez, Eibarren etorkizuna proiektu sendo eta ondo planifikatuen bidez eraiki behar da, eta “ez inprobisazioaren bidez”. Azkenik, adierazi dute sozialistak herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari direla, eta EH Bilduk, berriz, “polemikaren eta konfrontazioaren bidez” bilatzen duela “ikusgarritasuna”.

Bestalde, PSE-EEk iragarri du datozen asteetan Eibarko Udalak kontzesiora aterako dituela Ipurua anexuaren azpian dauden 37 aparkaleku-plazak. Udalaren esanetan, aurrez zeuden arazo juridikoak konpondu ondoren egingo da, eta neurriaren helburua auzoan aparkaleku gehiago eskaintzea dela azaldu dute.