Realaren Kopako garaipenak zapore eibartarra izan du

Eibarko Errealzaleak lagun-taldeko 35 kide izan ziren Reala animatzen Sevillako finalean
Realaren Kopako garaipenak zapore eibartarra izan du
2026/04/19 10:43
Ekhi Belar Errasti

Realak Kopa irabazi zuen atzo gauean Atletico Madrili penaltietan gailenduta. Emozio handiko partida izan zen eta talde donostiarrak Gipuzkoara zortzigarren Kopa ekartzea lortu zuen (lau irabazi ditu eta Real Unionek beste hainbeste).

Realaren garaipenak, gainera, zapore eibartarra izan zuen. Ez bakarrik Mikel Oyarzabal kapitainak partiduan gola sartu eta kopa altxa zuelako; edo Jon Gorrotxategik, bigarren zatian zelairatu zenak, zelai erdian lan zoragarria egin zuelako; baizik eta harmailetan eta Sevillako kaleetan zale eibartarrak egon zirelako. Norbanakoez gain, Eibarko Errealzaleak lagun-taldeko 35 kide izan ziren La Cartuja zelaian talde txuri-urdinari animoak ematen eta ederki gozatu zuten partida historikoaz. Itzulera gozoa izango dute zale txuri-urdinek eta bihar egingo zaio ongietorria taldeari Donostian.

Bertan egon ahal izango dira, baita ere, atzo Untzagan elkartu ziren ehunka realzaleak. Pantaila erraldoia jarri zuten Eibarren (baita Elgoibarren eta Gipuzkoako beste hainbat herritan ere) eta zaleek emozio handiz bizi izan zuten neurketa.
Barrenetxearen golaren hasierako pozak sufrimenduari laga zion tokia, Oyarzabal herrikidearen golarekin berriz itzuli zen ilusioa eta, gero, urduritasuna nagusitu zen berriz Julian Alvarezen golaren eta langara bidalitako baloiarekin, baina horrek guztiak merezi izan zuen Pablo Marinen penaltiaren ostean pozez zoratzeko. Zorionak Reala!