Rokodromo berria eraikiko dute Ipurua kiroldegian
Ipuruako kiroldegian rokodromo berria eraikiko du Eibarko Udalak. 131.000 euroko inbertsioa egingo du “eskaladarako egokitutako espazio moderno eta seguru” bat eraikitzeko, eta bi squash pista eta biltegi bat erabiliko ditu horretarako. “Hala, bigarren aukera bat emango zaie jada erabiltzen ez diren espazio batzuei”, Udalaren berbetan.
Lehen fasean, horma eraisteko eta lurzorua egokitzeko lanak egin ziren, 38.000 euroko inbertsioarekin eta astebeteko epearekin. Ondoren, rokodromoaren (Builder) egitura egin da; azken lan horien aurrekontua 59.500 eurokoa izan da, eta lanak bi asteko epean egin dira.
Proiektuaren azken fasean, segurtasun-koltxonetak eta eskaladako presak erosiko dira (33.500 euroko aurrekontua). Hornidura horren lizitazioa aurtengo uztailean egitea aurreikusten da, ekipamendua osatu eta instalazioa herritarren eskura ahalik eta azkarren jartzeko.