Rokodromoaren itxieraren aurrean, Eibarko eskalatzaileak instalazio duinen eske

Eibarko Udalak kiroldegiko rokodromo nagusia itxi zuen maiatzean
Rokodromoaren itxieraren aurrean, Eibarko eskalatzaileak instalazio duinen eske
2024/07/10 12:53
eta kitto!

Itxi baino lehen kiroldegiko rokodromoaren instalazioek zuten egoera erakusten dituzten argazkiak argitaratu dituzte Facebooken Eibarko Eskalatzaileek.

Edonola ere, Eibarko Udaletik adierazi digutenez, azken asteotan bi enpresa desberdinekin jarri dira harremanetan, eta arazoa konpontzeko bidean dago.

Aurreko asteko ...eta kitto! astekarian, jarraian daukazuen gutuna idatzi zuten Eibarko eskalatzaileek, egoeraren berri emateko:

Rokodromoa itxi eta bapo: horra hor soluzioa!

Maiatzean Eibarko Udalak kiroldegiko rokodromo nagusia itxi zuen, inongo azalpenik eman gabe. Rokodromo hori Patxi Usobiagak munduko txapeldun izateko erabilitako instalazioa izan zen; egun Eibarko eskalatzaile gehienok erabiltzen dugun gune nagusia. 

Kiroldegiko erabiltzaileon artean jakina da, urteetako kudeaketa txarraren ondorioz, bere egungo egoera ez dela batere ona. Mantente lan faltak, inbertsio ezak eta arduragabekeriak Eibarko zenbait instalazio egoera oso dekadentean gelditzea ekarri du, rokodromoa tarteko. Izan ere, Eibarko haur eta helduok eskualdeko rokodromoetara joan behar izaten gara ikastaroak jaso, eman eta kirola praktikatzera. 

Aipatu bezala, urteak dira rokodromoak ez duela inongo mantentze lanik jaso: koltxonetak ustelduta egoteaz gain, zati batzuetan haien falta dago eta horma eta presen egoera tamalgarria da. Eibarko eskalatzaileak urteak daramatzagu lanean rokodromoko baldintzak hobetzeko helburuarekin. Eta, hori gutxi ez balitz, Udalaren eta kiroldegiaren aldetik jasotako erantzuna eman zitekeenen artean errazena izan da, hau da, rokodromoa ixtea. Ez dugu erabaki horren inguruan ez abisurik, ez azalpenik jaso; nahiz eta behin baino gehiagotan gu eurekin komunikatzen saiatu. Horregatik salatu nahi dugu publikoki udal-agintariek gurekin izandako jarrera. 

Gauzak horrela, Eibarko eskalatzaileok instalazio duinak exijitzen ditugu gaur egun eskalatzen dugunontzat eta eskalatzen hastea nahi duen ororentzat. Horrez gain, Udalari rokodromoaren kudeaketan parte hartzeko dugun prestutasuna helarazi nahi diogu beste behin. 

                                                                                                                      Eibarko Eskalatzaileak